Haur minbizidunen arreta hobetzeko eskatu du Seijas mendaroarrak Eusko Legebiltzarrean

Barren.eus 2016ko eka. 9a, 18:04

Gasteizko Legebiltzarrean izan zen Mari Carmen Seijas mendaroarra astelehenean, Aspanogi elkartearen izenean. Donostiako Unibertsitate Ospitalean, onkologia pediatrikoko arloan dauka umea leuzemiaz gaixorik. Profesionalen tratua bikaina dela nabarmendu zuen, baina ospitalean leku falta dagoela kexatu zen. 

Izan ere, zazpi gela besterik ez daude Donostiako Unibertsitate Ospitalean haur eta nerabeentzako, eta leku faltan izan dira batzuetan. Minbizidun haurrentzat jolaserako gune bat jartzeko eskaera ere egin zuen Mari Carmen Seijasek (Mendaro, 1980).  Eusko Legebiltzarreko Osasun Batzordean. Denbora guztian gelan egon beharrean, jolasean ibiliko balira hobeto izango litzateke bere ustez. 

Joan den abenduan esan zioten semeak leuzemia zuela, eta umearen gaixotasunari aurre egiteaz gain, Donostiako erietxeko pediatria arloan duten leku faltaren arazoari irtenbidea emateko borrokan dihardu Seijasek.