6.300 eurotik gora batu dituzte erronka solidarioaren harira

Barren.eus 2016ko mai. 31a, 16:01

2-dean taldeak asteburuan Iban Fernandezek egindako erronka solidarioaren inguruko balantzea eskaini berri du. Guztira,  batutako 6.341,60 euroak SMH elkarteari bidaliko dizkiote, Greziako Txios uhartean errefuxiatuei laguntzen jarraitu dezan.
Poza azaldu du 2-dean taldeak Iban Fernandezen erronka solidarioaren balantzea egiteko orduan. Alde batetik, Iban Fernandezen ahalegina goraipatu du; bestetik, Elgoibarko herriak erakutsi duen elkartasuna txalotu du. "Iban 2-dean ekimena antolatu dugun guztion partez eskerrak eman nahi genizkioke Elgoibarko eta inguruko herriei! Oso pozik eta hunkituta gaude jaso dugun babesarekin".
Beste behin ere, nabarmentzekoa da jendeak errefuxiatuek bizi duten tragediarekiko elkartasuna. Izan ere, guztira 233 kilometro saldu zituzten erronka solidariorako (48 internet bidez eta 185 kalean zuzenean) Salmenta horrek 5.825 euro biltzea ekarri du. Horrez gain, saldutako metro eta salda eta pintxoaren trukean borondatez emandakoaren artean 516 euro gehiago lortu zituzten asteburuan.
Bildutako 6.341,60 euroak Salvamento Maritimo Humanitario (SMH) elkartera bideratu dituzte. Ekarpen horren bitartez SMH elkartea Greziako Chios uhartean egiten ari den lanarekin jarrai dezan nahi du 2-dean taldeak. Diru horrek "errefuxiatuei beraien samina pixka bat arintzeko" balioko du taldekideen arabera.
iban fernandez erronka egoibar karakate gauez
iban fernandez erronka egoibar karakate gauez trikitixa
iban fernandez erronka egoibar karakate gauez lp
iban fernandez elgoibar erronka. sanroke
iban fdz erronka elgoibar amaitutzat lagunegaz