Iban Fernandezek lagunez inguratuta hasi du bere buruari jarri dion erronka

Barren.eus 2016ko mai. 27a, 17:13

Iban Fernandezek Elgoibarko itzulia 27 ordutan 4 aldiz egiteko erronka jarri dio bere buruari, baina egitasmoa zabaldu eta 2-dean B-rotuz taldeak erronka solidario bihurtu du. Jadanik abiatu da Kalegoen plazatik hainbat herritarrek lagunduta. 200 kilometrotik gora saldu dituzte momentuz, eta erosteko aukera dago oraindik.

Gaur, barixakua, 17:00etan abiatu da Kalegoen plazan eta mendiz mendi Elgoibarri lau itzuli emango dizkio Iban Fernandezek. Plazara jendea inguratu da Fernandez noiz aterako zain eta hainbat herritarrek berarekin hasi dute lehen itzulia.

Guztira, lau bueltetan, 156 Km. egingo ditu Iban Fernandezek eta 2-dean B-rotuz taldeak salgai jarri ditu kilometro horiek guztiak herritarrek modu sinboliko eta era berean solidarioan erosteko. Jasotako dirua Donostiako SMH elkarteari (www.salvamentomaritimohumanitario.org) bidaliko diote. Elkarte hori Chiosen, irlara iritsi diren errefuxiatuei laguntzen ari da.

“Kilometro solidarioak” enpresa, denda, talde, taberna, koadrila zein norbanakoek erosi dituzte eta jadanik 156 Km. salduta daudela azaldu dute 2-dean B-rotuz taldekoek, baina 156 Km. horiez gain, jendeak erosten jarraitu duenez, beste 53 ere salduta daude. Kilometro bakoitza 25 euroan saldu dutenez, 5.200 eurotik gora batu dituzte dagoeneko. Gainera, bihar, zapatua ere, Iban Fernandez kilometroak egiten ari den bitartean Kalegoen plazan kilometroak sartzen jarraituko dute. 10:00ak inguruan mahaia jarri eta gutxi gorabehera Fernandezek plazan laugarren itzulia hasten duenera arte (12:30ak inguruan) han egongo dira. 2-dean B-rotuz taldeak Facebook sare sozialean jarrita duen honako formularioa betez ere eros daitezke kilometroak.

Jendeak kilometro solidarioez gain, metro solidarioak ere erosi ahal izango ditu euro batean bakoitza. Saldu dituzten metro guztiak ez dituzte oraindik zenbatu.

iban fernandez elgoibar erronka1

iban fernandez elgoibar erronka2

iban fernandez elgoibar erronka azkuen

iban fernandez elgoibar erronka ermita

iban fernandez elgoibar erronka karakaterantz

iban fernandez elgoibar erronka karakaterantz

∞Lotura duten albisteak: