Iban Fernandezen erronkan bidelagun izateko aukera izango da

Barren.eus 2016ko mai. 26a, 09:54

Iban Fernandezek asteburu honetan egingo du Iban 2-dean izeneko erronka solidarioa. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, aukera izango da itzuli oso bat edo ibilbidearen zati bat Ibanekin batera egiteko. Gauez emango duen itzulirako iluntasunean ibiltzen trebeak diren mendizaleak behar dituzte. 

Iban Fernandez barixakuan (maiatzak 27) irtengo da Kalegoen plazatik, 17:00etan, eta Elgoibarri mendiz mendi lau itzuli jarraian eman nahi dizkio, 27 orduko epean. Hau da, 157 kilometroko ibilbidea (8000 metroko desnibel positiboa) osatu nahi du (ikus Elgoibarko Itzuliaren ibilbidea). Hala, gauzak ondo bidean, zapatuan, 20:00ak inguruan amaituko luke proba plazan bertan. 

Itzuli bakoitzaren ordutegia

Itzuli bakoitzaren ostean plazatik pasako den gutxi gorabeherako ordua ere aurreikusi dute antolatzaileek. Bigarren itzulia barixaku gauean, 23:00ak inguruan, hasiko du Kalegoen plazatik. Hirugarrena zapatu goizaldean, 05:45ean, eta azken itzulia zapatu eguerdian, 12:30ean, hasiko du. 

Antolatzaileek jakinarazi dutenez, Ibani laguntzeko aukera egongo da itzuliaren zati bat edo itzuli oso bat bere alboan eginez. Gauez egingo duen itzulirako behar ditu bidelagunak, bereziki. Horretarako, baina, mendian gauez ibiltzen trebeak diren mendizaleak izatea komeni dela zehaztu dute 2-dean B-rotuz taldeko lagunek. Erronkarekin bat egin eta Ibani laguntzeko prest dauden lagunek plazan agertu beharko dute, aurrez aipaturiko pasaera orduak baino zertxobait lehenago, aurreikuspenak baitira.

Era berean, oraindik ere badago metro eta kilometro solidarioak erosteko aukera. 2-dean B-rotuz taldeak Facebook sare sozialean jarrita duen honako formularioa betez ere eros daitezke kilometroak.  

•Bazkaria domekan

Erronkaren ostean bazkaria egingo dute Ibai Ondo Erretegian eta nahi duen orok parte hartu ahal izango du. Izena emateko 943 256 028 telefonora deitu behar da edo Ibai Ondora gerturatu. 25 euroan jarri dute bazkariaren prezioa. Menua honakoa izango da: Urdaiazpikoa, entsalada beroa, haragia edota arraina. Urteko ardoa eta postrea barne. 

∞Lotura duten albisteak:

iban fernandez 2deanberotuz