Iban Fernandezek egingo duen elkartasun erronkarako kilometroak salgai daude

Barren.eus 2016ko api. 29a, 08:54

Iban 2-dean izeneko erronka solidarioa egingo du Iban Fernandez elgoibartarrak maiatzaren 27an. Elgoibarri mendiz mendi lau itzuli jarraian eman nahi dizkio 27 orduan. Errefuxiatuei laguntzeko 2-dean B-rotuz taldearekin elkarlanean arituko da Fernandez. “Kilometro solidarioak” jarri dituzte salgai 25 euroan eta baita “Metro solidarioak” ere, euro batean. 

Iban Fernandezek egin asmo duen elkartasun erronkaren gaineko informazio gehiago eman dute antolatzaileek. 

Kilometro eta metro solidarioak saltzen hasi direla jakinarazi dute. Erosleen izena eramango dute saldutako kilometro zein metroek, enpresa, erakunde, elkarte, denda nahiz pertsonen izenak. Kilometro bakoitza 25 euroan salduko dute eta diploma bat jasoko dute trukean erosleek. Kilometroak erosteko hainbat modu izango direla gaineratu dute. Batetik, 2-dean b-rotuz taldeko kideek kalean jarriko duten postuan. Eguazten eta eguenetan jarriko dute postua King-kongen, 17:30etik 19:30era. Kilometroez gainera, Metro solidarioak ere jarriko dituzte salgai, euro batean. Bestetik, 2-dean B-rotuz taldeak Facebook sare sozialean jarrita edukiko duen honako formularioa betez ere eros daitezke kilometroak: 

Gaizki ulertuak ekiditeko, erosten diren kilometroak ez direla Ibanekin batera egin beharko argitu dute 2-dean B-rotuzekoek. 

•156 kilometroko erronka

Maiatzaren 27an eta 28an egingo du erronka Iban Fernandezek. Elgoibar inguratzen duten mendi guztien tontorretatik pasata, Elgoibarko itzulia osatu nahi du. Behin bakarrik ez, lau aldiz jarraian egin nahi du. Guztira 156 kilometro (8.000 metroko desnibel positiboa) direla kalkulatu dute eta 27 ordu baino gutxiagoan egiteko erronka jarri dio bere buruari. Morkaikok antolatzen duen Elgoibarko Itzuliko ibilbide bera egin beharko du. Maiatzaren 27an irtengo da Kalegoen plazatik, 17:00etan eta hurrengo egunean 20:00ak inguruan leku berean proba amaitzea espero dute. 

∞Lotura duten albisteak:

bidean berotuz iban fernnadez Elgoibar