Zuhaitz landaketa eguna antolatu du Mendaroko Udalak otsailaren 4rako eta parte hartzera deitu du Arno guraso elkarteak

Barren.eus 2024ko urt. 26a, 08:35

Mendaroko Udalak, Itziarko Auzo Udalarekin eta Zestoako Udalarekin elkarlanean hasitako ekimenaren barruan, zuhaitzak landatuko dituzte Mendaron otsailaren 4an, eta ekimenean parte hartzera deitu du Arno guraso elkarteak.

Mendaron, Goikola baserriaren inguruko sail batzuetan egingo dira landaketak. Herriko enparantzatik 2,5 kilometro ingurura dago lur saila, Plaza auzotik gora, erreka ondoan. Horregatik antolatzaileek arropa eta oinetako erosoak eramateko eskatu diete herritarrei, bai eta ura ere. 10:00etan jarri dute plazan elkartzeko ordua, oinez joateko. Tresneria antolatzaileek eurek banatuko dute lekuan bertan.

Ekimen beraren barruan, bezperan, hilaren 3an, Zestoan egingo dute zuhaitz landaketa. Han ere, plazatik abiatuko dira, 10:00etan, eta nahi duen orok parte hartu dezake.