Aniztasun funtzionala duten gazteen inklusiorako 'Elgoibar mugimenduan' egitasmoa abiatu dute

Barren.eus 2024ko urt. 25a, 14:23

2024an ere aisialdirako hainbat jarduera egingo dituzte Elgoibarren, aniztasun funtzionala duten gazteen inklusioa sustatzeko.

Elgoibarko Udalak, Batera Aske Kooperatiba Elkartearekin lankidetzan, dibertsitate funtzionala duten gazteentzako Elgoibar Mugimenduan programaren ikasturte berria abiatu du. Proiektu honek Batera Aske helburu sozialeko kooperatiba gisa eratzea ekarri du, eta 2024an aisialdirako hainbat jarduera egingo dituzte, gazte horien inklusioa sustatzeko. Lehenengo saioa joan den igandean egin zuten, Aita Agirre kulturgunean. Jarduerak bi astean behin egingo dituzte.

 • Adiskidetasuna eta sozializazioa bultzatzeko
Batera Aske proiektua elkarte gisa finkatu da eta kooperatiba bihurtu dute, dibertsitate funtzionala duten nerabe eta gazteei zuzendutako sormen eta mugimendu jarduerak antolatzeko helburuarekin. Ekimen honen helburua da Euskal Herriko hainbat herritako gazteen artean adiskidetasuna eta sozializazioa bultzatzea. Une honetan Zarautz, Aretxabaleta, Arrasate, Eibar, Elgoibar eta Iruñeko udalekin ari dira elkarlanean. Elgoibarren, zazpi parte-hartzaileko hasierako taldea osatu dute, eta iazko azaroan egin zuten lehen familia-topaketa. Nuala elkarteko gurasoek ere parte hartu zuten, eta topaketa horrek esperientziak eta beharrak partekatzeko balio izan zuen.
Elgoibarko Udalak eta Batera Aske Kooperatiba Elkarteak Elgoibar Mugimenduan ekimenean parte hartzera gonbidatu dituzte elgoibartarrak. Parte hartu nahi dutenek Udaleko Gazteria sailarekin harremanetan jarri behar dute: 943 741 050 / gazteria@elgoibar.eus

2024 01 24 Elgoibar mugimenduan aniztasun funtzionala inklusioa b1