5.400 lagunek sinatu dute dagoeneko Altzolako tren geltokia mantentzearen alde

Barren.eus 2024ko urt. 3a, 19:39

Gabon Zahar Azoka egunean merkatu plaza aurrean egon ziren Altzola-Elgoibarko tren geltokiaren aldeko plataformakoak sinadurak biltzen.

Adierazi dutenez, 1.250 sinadura bildu zituzten Gabon Zahar ferian, eta ordura arte bildutakoei gehituta, 5.400 sinadura dira guztira. Pozik daude orain arte jasotako babesarekin, baina lanean jarraituko dutela azpimarratu dute. Herritar guztien laguntza eskatu dute nazio mailan 10.000 sinadura baino gehiago lortzeko (change.org plataforma erabiliko dute) eta Eusko Legebiltzarrean Herri Ekimen Legegile bat aurkezteko, Altzolako tren geltokia mantentzearen alde.

"Gogoratu jada badagoela proiektu bat, EHAAn birritan argitaratua, geltokiaren mantentze-lanak jasotzen dituena. 2012an guztiz baliozkoa bazen, are baliozkoagoa da hamar urte geroago", zabaldu dute.

Altzola-Elgoibarko tren geltokiaren aldeko plataformatik azaldu dutenez, euren eskariak bat datoz, Euskadiko mugikortasun jasangarriaren lege berriarekin, eta lege horretan jasotzen diren zenbait artikulo partekatu nahi dituzte herritarrekin, legean hala jasota egon arren, errealitatea bestelakoa dela salatzeko. "Laburbilduz,aArtikulo horietan dio trenbide bidezko garraioa sustatu behar dela, trena garraio publikoaren ardatza izan beha dela, eta osagarria izango dela autobus bidezko garraio publikoa". Honako artikuluetan jarri dute harreta:

  1. Europako Itun Berdeak garraio multimodala sustatzeko beharra ezartzen du, trenbide bidezko garraioa sustatuz eta, nolanahi ere, kudeaketa adimenduneko sistemen bidez lotutako mugikortasun automatizatua sustatuz.
  2. Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioen jardunak honako printzipio hauek bete beharko ditu: Trenbide-sarea garraio publikoaren eskaintzaren ardatz egituratzailetzat hartzea, eta errepideko garraioa haren osagarria izatea.
  3. Indarrean dagoen legerian xedatutakoaren arabera, ibilgailu motordun pribatuaren erabilera disuasionatzeko neurri koordinatuak arian-arian sartzea sustatuko da.