Gaikako bilketa %2,13 jaitsi da Debabarrenan eta edukiontzi grisean lagatzen diren hondakinak %0,67 hazi dira

Barren.eus 2023ko abe. 19a, 12:49

Debabarrena Eskualdeko Mankomunitateak jakitera eman duenez, 2020aren erditik hona gaikako bilketaren garapenean eman den jaitsierarekin "kezkatuta" daude, eta egoera iraultzeko hartu asmo dituzten neurrien artean Gaikako Bilketa Hobetzeko Plana lantzen ari dira.

Gaikako bilketarekin lotutako prentsaurreko agerraldia egin zuten astelehenean Mankonunitateko arduradunek. “Kezkatuta” daude 2020aren erditik hona gaikako bilketaren garapenean eman den jaitsierarengatik eta gaikako edukiontzietan azaltzen diren hondakin inpropioen igoerarengatik. Gainera, hondakinen gaikako bilketa hobetzeko eta bultzatzeko egin dituzten ekimenak, hala nola, informazio kanpainak edo bilketa berriak ez direla erabat eraginkorrak izan aitortu dute, urteotan datuak okertu egin baitira.

 • Jaitsiera datutan
Mankomunitateko Ingurumen teknikari Igor Aldalurren esanetan, 2023ko datuen arabera, %2,13 jaitsi da gaikako bilketa; oro har, iaz %54,28 batu zen gaika eta 2023an, berriz, %53,58. Horrekin batera, edukiontzi grisetan -errefusean- lagatako hondakin kopurua %0,67 igo da.
Datuak xehatuta, hondakin organikoen bilketa da gehien jaitsi dena, %5,35; bestela esanda, 4.712 tonatik 4.460 tonara jaitsi da hondakin organikoen bilketa, urtean, pertsonako 65 kilo hondakin organiko batzetik 61 kilo hondakin organiko batzera pasa dira.
Aldi berean, handitu egin da organikoen edukiontzietara botatzen diren inpropioen kopurua. Adibide modura, Aldalurrek jakinarazi du astebetean 3.295 poltsa inpropio atzeman dituztela edukiontzi marroietan.
Gaikako bestelako frakzioei dagokienez, berriz, paperaren eta kartoiaren gaikako bilketa ere jaitsi egin da, 3.862 tonatik 3.778 tonara, %2,18ko jaitsiera. Eta ontzien eta beiraren bilketa mantendu egin da.

 • Praktika onak, inkestak eta beste
Datuak eskuartean eta ikusita egiten dituzten ekimenek eta iniziatibek ez dituztela “dagozkien emaitzarik lortzen”, mankomunitateak erabaki du Gaikako Bilketa Hobetzeko Plana egitea kanpoko enpresa batekin, kasu honetan, Cimas enpresarekin lankidetzan.
Plan horren baitan, hiru jarduera egingo ditu Cimas enpresak.

  1. Batetik, emaitza onak ematen dituzten zonaldeetako praktika onak identifikatu eta dokumentatu egingo dituzte. “Bereziki Gipuzkoakoak, ze Gipuzkoan daude, batez ere, emaitzarik onenak”, azaldu du Cimas enpresako Zigor Garciak. “Adibidez, Debabarrenean, pertsonako 61 kilo hondakin organiko batu dira aurten baina badaude beste udalerri/mankomunitate batzuk 100 kilora ailegatzen direnak. Kataluniako praktikak ere begiratuko ditugu, baina haiek askotan Gipuzkoara etorri dira, Sasietara edo Debagoienera, ikustera zer egiten duten”.
  2. “Behin ikusita zein praktika on dauden, aztertuko dugu zeintzuk etor daitezkeen ondo Debabarrenerako eta proposamena egingo dugu zeintzuk aplikatu daitezkeen. Gero, denbora ere kontuan hartuta, garrantzitsuenak identifikatuko ditugu. Praktika onak aztertzeaz gain mankomunitatearekin ere berba egingo dugu ea eurek non ikusten duten hobekuntza maila eta gero mankomunitateak erabakiko du zein ekintza egin”, azaldu du Garciak.
    Horrekin batera, Debabarreneko bizilagunei, enpresei eta komertzioei gaikako bilketaren inguruan inkestak egingo dizkiete, jakin nahian zergatik ez diren hondakinak gaika egoki bereizten. “Interesgarria da jakitea ea zeintzuk diren arazorik potoloenak eta horiek aztertzea”, esplikatu du Cimaseko ordezkariak.
  3. Azkenik, etorkizunean egin daitezkeen informazio kanpainetan zein mezu zabaldu daitezkeen ere mahai gaineratuko dituzte.

 

 • Edukiontzi marroi eta grisak itxiko dituzte
Hori guztia martxoa-apirilerako bukatuta izango dutela adierazi du Cimas enpresako ordezkariak. Dena den, bai mankomunitateak zein Cimas enpresak dagoeneko identifikatuta dute gaikako bilketaren emaitzan eragin handia duen aldagai bat: edukiontzi marroiak eta grisak ixtea.
Aldalurrek azaldutakoaren arabera, pandemiaren ondoren zabalik laga zituzten eta justu, orduantxe hasi ziren datuak okertzen. Era berean, ikusi dute praktika eta emaitza onak dituzten zonalde guztietan edukiontzi horiek itxita egoten direla. Beraz, plan berriak izango duen ezaugarrietako bat horixe izango da: edukiontzi grisak eta marroiak itxi egingo dituztela berriro.

 • Erabaki hori datuen honako bilakaeran oinarritu du Igor Aldalur teknikariak:

  • 2013-2014an, edukiontzi marroia itxi zenean, %30etik %40-42ra handitu zen gaikako bilketa.
  • 2016-2017an, edukiontzi grisa itxi zen eta beste jauzi kualitatibo bat eman zen, 42tik %52ra pasa zen gaikako bilketa.
  • 2018-2019-2020an %55era igo zen.
  • Gero, 2020ko martxoan, pandemiarekin, edukiontzi grisak eta marroiak zabaldu egin zituztenn; 2021eko hasierara arte, datuei eutsi egin zitzaien, baina hortik aurrera, %55etik %53,5era jaitsi da.

Zigor Garciaren ustez ez da erraza dauden datuak egoteko arrazoiak zein diren atzematea. "Ez dut uste 2019an organikoa gaika banatzen zuen familia batek gerora dena nahasita aterako duenik. Bestalde, mankomunitatetik uste dugu presente egon garela kanpainen bitartez edo komunikabideetan, baina, datuak datu dira eta ikusten dugu ez garela iritsi, edo atzeman ez ditugun aldaketa sozialak eman izatea ere posible da. Edukiontzi marroiak itxita, hori eginda bakarrik, ez dugu gaikako bilketa handituko, baina bai gutxituko ditugu inpropioak. Bestalde, urtarriletik aurrera ikusiko dugu edukiontzi hori eta urdin berrien eragina. Baina, aldaketa sakonagoak eman beharko dira, batik bat, kontuan hartuta lortu beharrekoa %60ko gaikako bilketa dela”, azaldu du Igor Aldalurrek. Eta errefuseko eta organikoen edukiontziak ixtea "klabea" dela gaineratu dio Zigor Garciak Aldarrurrek esandakoari: "Ikusi da errefusa itxi gabe ez dagoela emaitza onik”, esan du.

 • Esperientzia eredugarriak eta hondakinen inguruko eztabaida
Prentsaurrekoan nabarmendu dutenez, Debagoiena, Urola Erdia eta Sasieta eredugarriak dira gaikako bilketarekin lotutako praktika onetan. Zona horietan, hondakinak batzeko sistema desberdinak dituzte, “akaso frakzio batzuk gehiago jasotzen dituzte industrialdeetan, baina bestela horixe da galdera: ea zergatik, adibidez, Beasainen batzen dute gaika %78a pasa eta Elgoibarren, berriz, %48a. 2011-2015 legealdia funtsezkoa izan zen, Goierrin lau urte pasa zuten hondakinez berbetan eta atez atekoa jarri zuten. Horri esker lortu zuten etxeetan hondakinak gaika sailkatzea. Gero, sistema aldatu egin zuten, baina etxeko ohiturak mantendu egin ziren. Nire ustez, hori da gakoa. Debagoienean ere eman zen debatea eta adibidez, Arrasaten, %30 pasan zeuden eta apenas hilabetean %70 pasara igaro ziren eta orain ere horrela eusten diote. Debabarrenean, berriz, debate hori ez zen horren intentsua izan”, esan du Aldalurrek.