Ikusmina piztu du Andoni Bastarrikak Kalegoen plaza erdian egin duen hondarrezko eskulturak

Barren.eus 2023ko aza. 26a, 09:15

Elgoibarko Udaleko Berdintasun Sailak eskatuta, emakume biluzi baten hondarrezko eskultura egin zuen Kalegoen plazaren erdian Andoni Bastarrika eskultore azpeitiarrak, azaroaren 25aren harira.

Hondarrezko eskultura hiperrealistak egiten ditu Andoni Bastarrikak (Azpeitia, 1970), eta oraingo honetan azaroaren 25erako moduko eskultura bat egin du enkarguz Elgoibarren. Eskuekin eman zion forma Zumaiatik ekarritako hondarrari, eta etzanda dagoen emakume biluzi bat irudikatu zuen Kalegoen plazaren erdian. Indarkeria Matxistaren Kontrako Egunaren bezperan hasi zituen lanak, goizean goiz, eta ikusmin handia sortu zuen, makina bat herritar gerturatu baizitzaion zer eta nola egiten ari zen galdezka. Hurrengo egunean, eguerdian, bukatu zuen eskultura. Landarez eta hostoz apaindu zuen, eta 52 zenbakia osatu zuten gero argiekin irudiaren ondoan, aurten espainiar estatuan indarkeria matxistaren biktima izan diren emakumeen kopurua, Berdintasun Ministerioaren zifra ofizialen arabera.

Bideoa: Andoni Bastarrika eskultura egiten

Egilearentzat, etzanda eta biluzik dagoen emakumeak emakumeen "edertasuna, indarra eta jakinduria" irudikatzen dituen arren, bere zaurgarritasuna agerian lagatzen du aldi berean, lozorroan dauden kontzientziek min handia ematen baitiote emakumeari. "Emakumea gozo eta bakean dago ama lurrak emandako hostoz eginiko ohe gainean. Ama lurrak ulertzen du emakumea, ama lurra indartsua, bakarra eta jakintsuena izanagatik ere, tratu txar eta indarkeria etengabea bizitzen ari baita, bere seme-alabengatik datorren tratu txarra".
Ama lurrak, naturaren heriotza naturalak sortutako hostoz egindako ohe bat emateaz gain, lur gozozko katilutxo bat ere ematen dio emakumeari, bihotz formako hostoen kimuekin, bere eskuan ikus daitekeen moduan. "Horrela, ama lurrak gogorarazi nahi digu tratu txarrak jasaten dituen emakumeari, gutako bakoitzari bezala, lur emankor hori dagokigula, jaiotze hutsagatik bizitza duin baten bidez oparotasuna sortzeko". Bastarrikak bazuen kezka plazaren erdian eginiko eskulturak kalterik gabe iraungo zuen horrenbeste jende igarotzen den lekuan, baina uste txarren gainetik, guztien artean zaindu eta babesteko aukera bat izan dela uste du.

2023 11 25 andoni bastarrika eskultura elgoibar

Bastarrikak 2010ean deskubritu zuen bere pasioa, haurrekin jolasean hondartzan irudiak egiten hasi zenean. Sirena bat irudikatu zuen eta hondarrari forma emateko zuen erraztasuna ikusita, hondarrari bizia emateko gaitasun berezia zuela konturatu zen eta abilezia hori garatu du gaur artean. Harrezkero makina bat eskultura sortu ditu hondar masa batetik abiatuta, eta era guztietako animaliak irudikatu ditu (ikus bere Instagrameko kontuan) Animalia horietako zenbait. 'El Hormiguero' telebista saio ezagunerako ere egin zituen.

 Hondarrezko emakume biluziaren bueltan egin zituzten azaroaren 25eko ekitaldiak zapatu iluntzean: