Suhiltzaileen martxa bizikletaz pasatuko da gaur Elgoibartik

Barren.eus 2016ko api. 13a, 09:12

Gipuzkoako, Arabako eta Bizkaiko suhiltzaileek bizikleta martxa bat antolatu dute hilaren 12tik 15era bitartean, Eusko Jaurlaritzak onartu nahi duen lege proiektu baten aurka protestatzeko. Elgoibartik ere pasako da martxa, gaur (apirilak 13) arratsaldean.

Suhiltzaileen arabera, lege proiektu hori onartuz gero, zerbitzuak prekarizatuko dira eta suhiltzaileen etxeak gauez ixteari ateak irekiko zaizkio. Martxak abiapuntu ezberdinak izango ditu. Bizkaitik eta Gipuzkoatik abiatutakoak Arrasaten bat egin ondoren, Araban sartuko dira. Elgoibartik bizikletaz pasatuko dira, gaur, 16:30 aldera (Zumaiatik Eibarrera arteko etapa). Hilaren 15ean Gasteizko Legebiltzarrean amaituko da suhiltzaileen protestaldia. Change.org atarian sinadura bilketa ere jarri dute martxan, beraien eskaerak gizarteratzeko asmoz. 

Suhiltzaileen esanetan, lege berriak gaur egun suhiltzaile parkeek eskaintzen dituzten zerbitzuak eskastuko ditu. “Alde batetik, borondatezko suhiltzaileen figura aurreikusten du legeak, eta guk hori ez dugu nahi. Denaren gainetik, suhiltzaileok profesionalak izan behar gara”. Legea anbiguoa dela salatu dute. “Bukatu gabeko lege bat da eta murrizketei ateak zabalik uzten dizkie. Besteak beste, suhiltzaile etxeak gauez ixtea eta abar ekar ditzake”. 

2016 04 13 suhiltzaileen protesta1