Debabarreneko Mankomunitatea azaroaren 6an hasi zen edukiontzi lateral berriak jartzen eskualdeko herrietan, horiak eta urdinak, baina abenduaren 1era arte ezin dira horiek erabili. Ordura arte lehengo iglu itxurakoak erabili behar dira.
Edukiontzi berrietan argi adierazten da zerbitzuz kanpo daudela, baina Mankomunitatekoek atzeman dute herritarrak dagoeneko edukiontzi hauek erabiltzen hasiak direla eta gogorarazi diete zerbitzuz kanpo daudela abenduaren 1era arte. Are, azpimarratu dute haietan lagatzen diren hondakinak ezin izango dituztela abenduaren 1era arte jaso, zerbitzu berria orduan jarriko dutelako martxan.
465 edukiontzi aldatu ditu Mankomunitateak. Edukiontzi berriek aho handiagoa dute, eta horrek hondakinak botatzea errazten du. Adierazi dutenez, zerbitzua erosoagoa egitea bilatu dute aldaketa honekin, eta bide batez, hondakinak biltzen ari direnen lana erraztea, azkarrago jasotzeko aukera emango baitute. Prezero enpresak emango du zerbitzua, zeinarekin Mankomunitateak zortzi urterako kontratua sinatu duen, gehienez 8.153.675 euroko aurrekontuarekin. Gehienez zehazten dute, enpresak kobratuko duen zenbatekoa aldakorra izango baita, jasoko dituzten eukiontzi kopuruaren arabera. Kontratuan papera, kartoiak, ontzi arinak eta pilak batzea hartzen du kontuan, bai eta edukiontziak garbitzea ere.