Indarkeria matxisten aurkako manifestazio nazionalarekin bat egin zuten hainbat mendaroarrek

Barren.eus 2016ko api. 11a, 13:53

Euskal Herriko Mugimendu Feministak deituta, manifestazio nazionala egin zuten zapatuan Gasteizen, “11 eraso, 12 erantzun, Feministok prest!” lelopean. Mendaroko Tratu Onen Aldeko Taldeak manifestazioari atxikimendua adierazteko talde argazkia atera zuen barixakuan. 

Indarkeria matxistaren aurka egiteko antolatutako mobilizazioak 12.000 lagun batu zituen zapatuan Gasteizeko kaleetan. Manifestazioan zehar arrazakeria, kapitalismoa, heteroaraua eta feminizidioa salatzeko ekintzak egin zituzten, eta azpimarratu zuten edozein erantzun dela zilegi indarkeria matxistari aurre egiteko. 

Duela gutxi Mendaron sortu duten Tratu Onen Aldeko Taldeak ere bat egin zuen ekimenarekin eta baita manifestaziorako kaleratu zuten manifestuarekin ere. "Gaur egun beharrezkoa eta ezinbestekoa deritzogu bortizkeriatzat zer ulertzen dugun birplanteatzea, bere konplexutasun guztiak eta bere forma anitzak ulertzeko markoa sortuz. Bortizkeria matxistak ez dira kolpeak eta hilketak soilik; kontu estrukturala da eta sistema batean oinarritzen da. Emakumeak beldurrean hezten gaituzte eta sinistarazi nahi digute gure gorputza ahula dela eta gizonena, berriz, erasokorra. Bortizkeria matxista ez da bakarra, baizik eta gure jendarteak eraikitzen duen egitura sendoa; feminismoak, egoera hori agerian uzteko eta aurre egiteko erantzukizuna dauka". 

•Lehen fasea 

Mendaroko Tratu Onen Aldeko taldeko kideek jakinarazi dutenez, taldea sortu zutenean egitea aurreikusi zuten lehen fasea burutu dute. “Bi bilera-tailer egin ditugu eta 26 pertsonek hartu dute parte, 17 emakumek eta 9 gizonek. Horiekin batera, Gaztelekuko hiru gazte aritu dira gurekin boluntario lanetan, eta beste hainbat herritarrek gure blogaren bitartez (mendarokotratuon.blogspot.com) jarraitu gaituzte”.

•Helburuak

Era berean, bi helburu bete dituztela gaineratu dute. Batetik, hilketa matxista baten aurrean erantzun bateratu bat ematea zehaztu dute. “Adostu dugu Hego Euskal Herrian hilketa matxista bat gertatzen denean, salatzeko, herriko eskela lekuetan eskela edo kartel bat jarriko dela, eta ondorengo 48 orduren barruan kazerolada baterako deialdia egingo dugu”. Bestetik, “matxismoaren alderdi naturalizatu eta ezkutukoei” herrian aurre egiteko hainbat proposamen landu dituzte. Besteak beste, haurrei eredu alternatiboak eskaini, Mendaron eskaintza kultural hezkidetzaile bat osatuz, zaintza lanen balioa ikustaraztea, gizonezkoak ere inplikatzeko beharra gai honen lanketan, gai hauetan sakontzeko materiala eskura jartzea, espazio publikoen erabileraren inguruan hausnarketa bultzatu eta desnaturalizatu baloiaren bitartezko espazioaren konkista, LGTBIQ kolektiboenganako sentsibilizazioa, herri hezkidetzailea bihurtzen aldera jaien antolaketa eta eskolaz kanpoko eskaintzaren inguruan hausnartu eta aldaketak proposatu, kultura ezberdinetako emakumeak mugimendura erakarri eta herrian ikustarazi. 

Mendaroko Udalalarekin elkarlanean ari direla ere jakinarazi du Tratu Onen Aldeko Taldeak. Hilketa matxistak gertatzen direnetan, esaterako, Udalak salaketa modura pankarta bat jarriko du udaletxean, 48 orduz.