Iban Fernandezen erronka berriak kirola eta elkartasuna uztartuko ditu

Barren.eus 2016ko api. 8a, 12:58

Azkue-San Roke eta Karakate artean bederatzi buelta egiteko erronka bete ostean, Iban Fernandez elgoibartarrak erronka berria jarri dio bere buruari: Elgoibarri mendiz mendi lau itzuli jarraian ematea; 156 kilometro, 27 orduan. Elgoibarko 2-dean B-rotuz taldearekin eta Itsas Salbamentu Humanitarioko kideekin elkarlanean antolatu du erronka, eta lortzen duten dirua errefuxiatuei laguntzeko erabiliko dute.

Maiatzaren 27an eta 28an egingo du erronka Iban Fernandezek. Elgoibar inguratzen duten mendi guztien tontorretatik pasata, Elgoibarko itzulia osatu nahi du. Behin bakarrik ez, lau aldiz jarraian egin nahi du. Guztira 156 kilometro (8.000 metroko desnibel positiboa) direla kalkulatu dute eta 27 ordu baino gutxiagoan egiteko erronka jarri dio bere buruari. Morkaikok antolatzen duen Elgoibarko Itzuliko ibilbide bera egin beharko du. Maiatzaren 27an irtengo da Kalegoen plazatik, 17:00etan eta hurrengo egunean 20:00ak inguruan leku berean proba amaitzea espero dute. 

•Kirola eta elkartasuna

Kirola eta elkartasuna uztartuko dituen ekimena izango da. Izan ere, Itsas Salbamentu Humanitarioko kideekin eta Elgoibarko 2-dean B-rotuz taldekoen babesa izango du. Kilometro eta metro solidarioak saldu nahi dituzte. Erosleen izena eramango dute saldutako kilometro zein metroek, enpresa, erakunde, elkarte, denda nahiz pertsonen izenak, antolatzaileek jakinarazi dutenez. Batzen duten diru guztia pertsona errefuxiatuei laguntzeko erabiliko dutela azaldu dute. Asteon jarri dute abian ekimen solidarioa, eta argibide gehiago aurrerago emango dituztela jakinarazi dute antolatzaileek.

Iban Fernandezen lagun Fernan Calvo izan da erronkari itxura eman diona. "Beste kirol erronkaren bat egiteko gogoa zeukala esan zidan Ibanek eta kirol erronka soila izan beharrean zerbait handiagoa egin beharko genukeela esan nion, 2-dean B-rotuz taldekoak egiten ari ziren lana gogoan, guk ere gure aletxoa jarri ahal izateko errefuxiatuen alde egiten ari diren lan guzti horretan. Hala, Ibanek nire eskuetan laga zuen erronkaren antolakuntza. Korrikan kilometroak saltzeko duten sistema ere etorri zitzaidan burura eta ideia denak batu ostean prestatu dugu erronka". 2-dean B-rotuzekoek batutako dirua bideratzeko modurik ez daukatela-eta, Itsas Salbamentu Humanitariokoekin jarri ziren gero harremanetan. 

Karakateko erronka

2015eko urrian bere buruari jarritako beste erronka ikusgarri bat bete zuen Iban Fernandezek: bederatzi buelta egitea Azkue-San Roke eta Karakate artean, 12 ordu eta erdian. Aurreikusitakoa baino 20 minutu lehenago amaitu zituen lanak. Erronkak oihartzun handia izan zuen herrian.

∞Lotura duten albisteak: