Sigmako enpresaburu Angel Berazadi ETA Politiko Militarrak bahitu eta hil zuela 40 urte bete dira

Barren.eus 2016ko api. 8a, 06:01

Orain dela 40 urte izan zen arren, elgoibartar askoren memorian dagoen gertakari baten urteurrena da gaur, apirilak 8: Angel Berazadi Urbe Sigmako enpresaburuaren hilketa. (bideoa dauka)

Mari Carmen Estartarekin ezkonduta zegoen Angel Berazadi, Estarta y Ecenarro enpresako fundatzaile Eulogio Estartaren alaba bakarrarekin. Elgoibarren lan egin arren, Donostian bizi ziren beren sei seme alabekin. Abertzalea (EAJ alderdiaren jarraitzailea) eta hainbat ikastolaren bultzatzailea.  

 1976ko martxoaren 18an lantegitik irten eta autoan Donostiara bidean abiatu ondoren, bahitu zuen Sigmako enpresaburu Angel Berazadi ETA Politiko Militarreko komando batek. Orduko 200 milioi pezeta eskatu zizkion bere familiari Berazadiren askatasunaren truke. Ez zuten aske utzi, ordea, gaurko egun batez, orain dela 40 urte Elgoibar eta Azkarate arteko bide bazter batean aurkitu zuten goizaldean bere gorpua buruan (garondoan) tiro bat zuela.

Donostiako Polizia kontrol batean hiru pertsona atxilotu zituzten egun batzuk geroago eta haiei leporatu zieten Angel Berazadiren bahiketa eta hilketa.

•Hileta jendetsua

Elgoibartar askorentzat oso gogorra izan zen hilketa hura. Hilik agertu zela jakin zutenean Sigma lantegia gelditu eta han bertan jarri zuten hil-kapera. Arratsaldean handik eraman zuten bizkar gainean hilkutxa San Bartolome parrokiara. Kalegoen plaza lepo bete zuten milaka lagunek –10.000tik gora– agurtu zuten Berazadi, eta gehienek kanpoan jarritako bozgorailuetatik jarraitu zuten isiltasunean meza. 

Egun batzuk lehenago bere jaioterrian, Zarautzen, ere manifestazio jendetsua egin zuten haren askatasuna eskatuz. Aingeru bizirik behar dugu lelopean eraman zuten pankarta senideek. Hileta egunean ere Sigma lantegi aurreko aldean jende asko elkartu zen –langileak eta inguruko enpresariak batez ere– eta han ere pankarta bat jarri zuten: Aingeru, agur jauna

Angel Berazadiren bahiketa eta hilketa Franco hil eta handik hilabete gutxira gertatu zen, trantsizio bete betean gertakari politikoak, ikaratzekoak asko, egunerokoak ziren sasoian. Hori adierazten du, esaterako, Berazadi hil baino hiru egun lehenago ETA Politiko Militarreko 20tik gora presok Segobiako kartzelatik egin zuten ihesaldi sonatuak. 

1970etik ETAk bahitutakoen artean lehena izan zen Angel Berazadi, ordurarteko gainontzekoak aske utzi baitzituzten bahituta eduki ondoren. Bahituen artean lehena izan zen Jose Angel Agirre Elgoibarko Banco Guipuzcoanoko zuzendaria. 

Aberri Eguna 

ETA Politiko Militarraren hilketak Aberri Egunaren ospakizunean eman zuen zeresanik. 1976an, Frankismo osteko lehen Aberri Egunean, ibilaldi bateratua egitekotan ziren alderdi guztiak –PSOE, EAJ, LKI, EKA eta ezker abertzaleko hainbat alderdi–. Baina Berazadiren hilketa zela medio EAJk, PSOEk eta erbesteko Euskadiko Gobernuak babesa kendu zioten Iruñeko zitari. Gai honen inguruan idatzi du Iñaki Anasagastik bere blogean

  • Berazadiren bahiketa eta hilketaz Gazeta Ilustrada agerkarian 1976ko apirilaren 18an argitaratu zuten artikulua hemen eta hemen (euskomedia.org)

BIDEOA: Hona hemen, Berazadi hil zutela 40 urte bete direla eta, eitb.com-ek albistegietarako eginiko bideoa: