16 eta 24 urte bitarteko gazteek egiten dute euskaraz EAEn

Barren.eus 2023ko mar. 25a, 11:18

Euskararen ezagutza, transmisioa, erabilera eta euskararen sustapenari buruzko jarrera aztertu dituzte Eusko Jaurlaritzak aurkeztu duen VII. Inkesta Soziolinguistikoan, eta lau aldagaietan egin da hobera, baina dena ez da ona.

Izan ere, erabilera ez da handitu ezagutza bestean eta lekurik euskaldunenetan gero eta gaitasun txikiagoa dute euskaldunek euskaraz egiteko. Euskara gehien, hori bai, 16 eta 24 urte bitarteko gazteek egiten dute, eta euskaldunen erdiak baino gehiago eremu erdaldunetan bizi dira.

Euskararen egoeraren argazkia erakutsi du VII. Inkesta Soziolingustikoak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. 1991tik egiten da inkesta soziolinguistikoa, bost urtean behin, eta 16 urtetik gorakoak hartzen dituzte kontuan (2.680.000 pertsona gutxi gorabehera). 2021ekoak dira orain aurkeztu dituzten datuak, baina inkestak azken 30 urteetan euskarak izan duen bilakaera ezagutzeko aukera ematen du.

 • EUSKARAREN EZAGUTZA
Euskaldunek gora egin dute hiru lurraldeetan eta hiru hiriburuetan. 2016ko datuekin alderatuta, 49.000 euskaldun gehiago daude, eta azken 30 urteko bilakaerari erreparatuz gero, euskaldunen ehunekoak 12 puntuan egin du gora. Hau da, 1991n baino 261.999 euskaldun gehiago daude gaur: 680.629, biztanleen %36,2. Hiru lurraldeak kontuan hartuta, alde handiak daude batetik bestera. Gipuzkoako biztanleriaren erdia baino gehiago euskalduna da (%51,8). Bizkaian, berriz, biztanleriaren herena da euskalduna (%30,6), eta Araban, laurdena (%22,4). Euskal hiztunei erreparatuta, azpimarratzekoa da haien gaztetasuna. Izan ere, euskaldunen ehunekorik handiena 16 eta 24 urte bitarteko gazteak dira. Lautik hiru dira euskaldunak (%74,5); 1991n, berriz, %25 ziren, lautik bat. Sexuari dagokionez, euskaldunen ehunekoa 0,7 handiagoa da emakumezkoen artean gizonezkoen artean baino: emakumezkoak dira %36,5, eta gizonezkoak %35,8.

2023 03 24 inkesta soziolinguistikoa EAE euskara

Euskaldunak ugaritu ahala, euskaldunen ezaugarriak ere aldatu egin dira, baina, eta aldaketa horiek gizartean gertatzen ari diren aldaketa soziodemografi koekin dute lotura: gizartea gero eta zaharragoa da; atzerrian jaiotako gero eta jende gehiago dago; errazago mugitzen da jendea batetik bestera eta ondorioz hizkuntza paisaia aldatzen ari da; eta globalizazioak hizkuntza hegemonikoak indartu ditu. Ondorioz, gaur egun, euskaldunen %55 eremu erdaldunenetan bizi dira, eta beraz, euskaraz harremantzeko aukera gutxiago dituzte [1991n hamar euskaldunetik sei gune euskaldunean edo nahiko euskaldunean bizi ziren]. Euskaldunen ezaugarrietan gertatu den beste aldaketako bat euskaraz berba egiteko erraztasunarena da. Euskaldunak irabazi diren neurrian, gora egin du erdaraz berba egiteko erraztasun handiagoa duten euskaldunen kopuruak: euskaldunen %44,3k errazago egiten dute erdaraz.Erraztasunarenak lotura handia du umeak 3 urte bete arte gurasoengandik edo senitartekoengandik etxean jasotako hizkuntzarekin edo hizkuntzekin. Gaur egun, euskaldunen %48k dute lehen hizkuntza euskara. Euskaldunen %37k euskara etxetik kanpo jaso dute, eta gainerakoak jatorrizko elebidunak dira. Atzera egiten badugu, 1991n, %14 ziren euskaldun berriak, eta %79 euskara etxean jaso zutenak. Euskaldun berriak eta jatorrizko elebidunak, beraz, duela 30 urte baino bi aldiz gehiago dira gaur egun: euskaldun berrien hazkundea 22,7 puntukoa izan da, eta jatorrizko elebidunena 8,6 puntukoa.

 • TRANSMISIOA
Familia bidezko euskararen transmisioari dagokionez, guraso biak euskaldunak izanik, seme-alaben %85,5ek euskara bakarrik jaso dute etxean, %7,8k biak eta %6,7k ez dute euskararik jaso. Hizkuntzaren transmisioan bi faktorek dute eragina bereziki: gurasoen hizkuntza-gaitasunak eta haien lehen hizkuntzak. Hori hala, guraso biak euskaldunak diren kasuan eta bien lehen hizkuntza euskara izan denean, seme-alaben %98k euskara bakarrik jaso dute eta %2k euskara eta erdara. Lehen hizkuntzatzat euskara batek bakarrik duenean, baina, %88k transmititu dute euskara eta %10ek bi hizkuntzak. Guraso biak euskaldunak izanda ere, bien lehen hizkuntza erdara denean, berriz: %35ek euskara transmititzen dute, %36k biak, eta %29k ez dute euskara transmititzen.

2023 03 24 inkesta soziolinguistikoa EAE euskara adina

 • ERABILERA
Erraztasuna eta harreman-sarea dira euskararen erabileran gehien eragiten duten faktoreak, baina bi faktore horiek ez dute bermatzen euskararen erabilera, beste faktore batzuek ere eragiten dutelako, jarrerak eta interesak, esaterako. Hala ere, harremansarea bermatzen denean eta euskaraz berba egiteko erraztasuna nahikoa denean, euskararen erabilerak gora egiten du.
Gaur, biztanleen %22k euskara erdera beste edo gehiago erabiltzen dute Gipuzkoa, Araba eta Bizkaian. Azken 30 urteotako bilakaera aztertuz gero, euskararen erabilerak 6,4 puntu egin du gora (ezagutzak %12, baina), eta gaur, 1991n baino 141.700 pertsona gehiagok erabiltzen dute euskara erdara beste edo gehiago. Erabilerak hiru lurraldeetan egin du gora. Sexuari dagokionez, ez dago aparteko alderik emakumezkoen eta gizonezkoen artean, ez bada laneko erabileran. Hor bai, hor emakumeen datua 2,5 puntu handiagoa da. Euskara erabiltzen dutenen ehunekorik handiena, berriz, gazteek dute (%53,5) eta txikiena 65 urtetik gorakoek (%16,7); alderantziz zen orain 30 urte.
Erabilerak eremu guztietan egin du gora, eta bereziki eremu formalean. Azken 30 urtean gorabehera txikiak izan arren, azken bost urteotan euskararen erabilerak 2,7 puntu egin du gora. Eremu formal pribatuan, berriz, 1991tik, 11,4 puntu egin du gora lankideekin euskara erdara beste edo gehiago erabiltzen dutenen portzentajeak. Bainak ere badira, hala ere. Izan ere, euskaldunak ugaritu ahala, gora egin du erdaraz euskaraz baino errazago hitz egiten duten euskaldunen kopuruak. Gaur egun, euskaldunen %44,3k errazago aritzen dira erdaraz, euskaraz baino —1991tik sei puntu egin du gora-. Erabilerak, gainera, eremu euskaldunenean egin du behera, 9,7 puntu. Beherakada hori azken biztalenen mugimenduen ondorio da nagusiki.

2023 03 24 euskara erabilera datuak 7 inkesta soziolinguistikoa 2021 jarrera bilakaera

 • EUSKARAREN SUSTAPENARI BURUZKO JARRERA
Biztanleen %63,2k interes handia edo nahiko handia dute euskararekiko, %15,2k interes apur bat, eta %20,9k txikia edo hutsa. Galdekatutakoen hamarretik ia bederatzik erantzun dute etorkizunean bi hizkuntzak ezagutzea nahiko luketela.