Udalean euskararen erabilera normalizatzeko lankidetza hitzarmena adostu dute Debabek eta Elgoibarko Udalak

Barren.eus 2023ko urt. 24a, 10:20

Debabe Udal Euskaltegien Mankomunitateak eta Elgoibarko Udalak lankidetza hitzarmena sinatu dute 2023rako, eta Udalak 45.772,04 euroko ekarpena egingo dio Debaberi.

Elgoibarko Udalean euskararen erabilera normalizatzeko VI. Plangintza onartu zuten 2018an. Plan hori behar bezala ezarri, jarraitu eta ebaluatzeko, Elgoibarko Udalak egokitzat jo zuen Debabeko Udal Euskaltegien Mankomunitatearen zerbitzuak jasotzea.
Era berean, 2023an, Elgoibarko Udalak hasiera emango dio Udalean euskararen erabilera normalizatzeko VII. Plangintzaldiari, eta, horregatik, 2023an beharrezko jarraipen-lanak egiteko, itzulpen-lanak barne, Udalak beharrezkotzat jo du Debabeko Udal Euskaltegien Mankomunitatearekin lankidetzan aritzea.
"Horrela, Debabe Udal Euskaltegien Mankomunitatearen laguntzarekin, Elgoibarko Udaleko Euskara Saila indartzea eta egokitzea lortuko da, euskararen inguruan sortzen diren beharrei aurre egiteko", adierazi dute ñankidetzaren inguruan.
Urtebeteko epean, 2023 urte osoan, luzatuko den hitzarmenean jasotzen den moduan, Elgoibarko Udalak 45.772,04 euroko ekarpena egingo dio Debabeko Udal Euskaltegien Mankomunitateari.