Txartel guztiak salduta, bi mila oparitik gora banatu ditu Elgoibarko Izarraren Tonbolak

Barren.eus 2022ko abe. 24a, 19:42

Bi urtean egin gabe egon eta gero, estimazio handia eduki du gaur Elgoibarko Izarraren aldeko tonbolak, eta salgai ipini ditugun txartel guztiak agortu dira.

Balorazioak egiteko goiz bada ere, prestatutako txartelak saltzea eta opari guztiak banatzea da tonbola baten helburu nagusia eta alde horretatik bete-betea izan da aurtengo tonbola. 2.000 opari baino gehiago batu ahal izan ditugu aurtengo tonbolarako, herri guztiaren parte hartzeari esker. Izan ere, Elgoibarko eta inguruetako establezimendu, enpresa eta norbanakoek -225etik gora- emandako opariak dira gaur zozkatu direnak, eta lerro hauen bidez, Elgoibarko Izarrak eskerrak eman nahi dizkie opariak eman dituzten guztiei eta baita tonbolara eta txosnara gerturatu diren lagun guztiei ere, taloek eta sagardoak ere demaseko estimazioa izan baitute. Eta nola ez, antolakuntzan lagun izan zaituztegun guztioi ere eskerrik asko.
Sarituak izan ez diren txartelekin Etxer-Tar enpresak emandako telebista handi baten zozketa egin dugu 14:00ak pasatxoan, eta Isabel Aizpitartek kutxan sartutako txarteltxoa atera dutenez, berak eraman du etxera 55 hatz beteko telebista.

Elgoibartarrok plazan bildu eta elkarrekin egon eta gozatzeko eguna zan da gaurkoa, Atxutxiamaikak antolatutako Olentzero eta Mari Domingiren kalejirak ere jendetza batu baitu plazan eta herriko kaleetan. 

 

2022 12 24 elgoibarko izarra tonbola tb irabazlea elgoibar

2022 12 24 elgoibarko izarra tonbola elgoibar oparia galdrr zabala

2022 12 24 elgoibarko izarra tonbola elgoibar oparia bizikleta

2022 12 24 elgoibarko izarra tonbola elgoibar talogintzan

2022 12 24 elgoibarko izarra tonbola elgoibar talogintzan 1

2022 12 24 eskerrak tonbola elgoibarkoizarra taula