Auzoak hurbiltzeko balio izan du Jon Maiaren hitzaldiak Mendaron
Xehetasunak
Nork idatzia: barren.eus
Mendaroko udaletxeko pleno aretoa bete egin zen atzo, eguena, Jon Maiaren ‘Desde Extremadura al euskera’ hitzaldia entzuteko. Erdal eta euskal hiztunen artean espazio partekatu bat bultzatzeko eta bizipenak, esperientziak, emozioak eta sentimenduak partekatzeko antolatu zuten hitzaldia, bai eta hizkuntzaren inguruan ditugun jokabideen inguruan hausnartzeko ere.
Arno guraso elkarteak, Euskara taldeak, UEMAk eta Mendaroko Udalak antolatu zuten hitzaldia elkarlanean, Euskaraldia ariketa sozialaren harira, eta bereziki erdal komunitateari zabaldutako hitzaldia zela azpimarratu zuten. Horregatik, gaztelaniaz eman zuen Maiak.
Extremadurako familia batek -bereak- hizkuntzaren, nortasunaren eta munduan izan behar duen lekuaren inguruan izan duen prozesuaren berri eman zuen Maiak, bere bizipenetan oinarrituta, eta hunkituta jarraitu zuen publikoak. Bukaeran, galderetarako tartean, hala aitortu zuten hitza hartu zuten entzuleek. Antolatzaileak ere pozik agertu dira hitzaldiak izandako harrerarekin eta nabarmendu dute ezohiko argazkia izan zela atzokoa, "oraindik ere erdal hiztunena eta euskal hiztunena bi mundu bereizi direlako gurean askotan". Horren harira azpimarratu dute atzokoa bezalako saioak ezinbestekoak direla estereotipoak eta aurreiritziak hautsi eta elkarrengana hurbiltzeko pausoak emateko. Saio bukaeran, Errigorako produktuak dastatzeko aukera ere izan zuten hitzaldira batu zirenek. Atzoko saioaren harira honakoa zabaldu du gaur Jon Maiak berak Twitterreko kontuan: “Mendaron ere etorkizuneko Euskal Herri berriaren bila, elkar ezagutuz aurreiritziak, klixeak, estereotipoak, mamuak desegiten ditugu. Eta euskara beti inklusiorako ate. Eskerrik asko, Mendaro!"