Hirugarren Euskaraldian belarriprest eta ahobizi gisa izena emateko epea zabalik dago

Barren.eus 2022ko ira. 29a, 14:08

Atzoz geroztik zabalik dago Euskaraldiaren hirugarren edizioan herritarrek izena emateko epea.

Euskararen aldeko ariketa sozial erraldoia azaroaren 18tik abenduaren 2ra izango da, eta dagoeneko zabalik dago belarriprestek eta ahobiziek izena emateko epea —elkarte eta enpresentzat maiatzaren 16ko astean ireki zuten—,.

"Aurten txapa emango dugu, eta txapak emango ditugu", adierazi du Kike Amonarriz Euskaltzaleen Topaguneko presidenteak izena emateko epealdiaren irekiera ekitaldian, Bilbon. Erakundeetako, sindikatuetako eta euskalgintzako ordezkari ugari bildu dira Kafe Antzokian.
Amonarrizen ahotan, "jendeak hizkuntza ohiturak aldatzen ditu, horretarako espazio atsegin bat ikusten duenean". "2022a euskararen urtea izatea lortu behar dugu", aldarrikatu du euskaltzaleak.
Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailburuaren ahotan, "Euskaraldian gauzak antolatzeko modu bat sortu genuen, lankidetzan". Azpimarratu duenez, "dinamika berriak sortu ziren"; "antolaketa horrek eman zigun pertsona asko deskubritzeko aukera, ezagun berriak".

2022 09 29 euskaraldia txapak elgoibar

 • Izena emateko
Azaroaren 18tik abenduaren 2ra, hizkuntza erabileran eragitea xede duen ariketa kolektiboan parte hartzera deituta daude 16 urtetik gorako euskal herritarrak. Aurreko bi edizioen moduan, ahobizi gisa edo belarriprest gisa parte har dezakete norbanakoek. Parte hartu nahi dutenek online eman ahalko dute izena, euskaraldia.eus webgunearen bidez eta, horrez gain, herriz herri egingo diren ekitaldietan ere izango da horretarako aukera.

Konpromisoa da ariketa kolektiboaren ardatza eta, hautatzen den rolaren arabera, hizkuntza erabilerakiko konpromiso ezberdinak hartuko dituzte herritarrek. Ahobizi izatea hautatzen dutenek ariketak irauten duen hamabost egunetan elkarrizketa guztietan lehen hitza euskaraz egiteko konpromisoa hartuko dute, hizketa kideak euskaraz ote dakien ziur egon gabe ere. Belarriprest izatea hautatzen dutenek, berriz, ezagutzaren edota norberaren araberako irizpideen arabera hautatuko dute lehen hitza euskaraz egin edo ez, baina gainontzekoei beraiekin euskaraz aritzeko deia egingo diete, txapa soinean eta ikusgarri eramanda.
Aurreko aldietan parte hartu izan dutenentzat bi kontzeptu horiek aski ezagunak dira dagoeneko, baina, horiez gain, bigarren edizioan txertatutako eta aurten egonkortu nahi den kontzeptu batek ere izango du garrantzia: Arigunea. Belarriprestez eta ahobiziz osatutako espazioak izango dira ariguneak, euskaraz lasai aritzeko guneak. 2020ko Euskaraldian ere bazeuden ariguneak, baina, ariketa pandemia betean egin zenez, elkarren artean sozializatzeko eta hizketan aritzeko espazioak oso murriztuak eta mugatuak zeuden ariketak iraun zuen egunetan. Esaterako, tabernak itxita zeuden duela bi urteko udazken hartan. Baldintza eskas samarretan egin behar izan zen, beraz, duela bi urteko ariketa eta, aurten, egoera hobea izango dela aurreikusten du Euskaltzaleen Topaguneak.