Uztailaren 15ean amaituko da 'Euskara ala Ezkara' jardunaldirako izena emateko epea

Barren.eus 2022ko uzt. 7a, 13:25

Irailaren 3rako antolatu dute 'Euskara ala Ezkara' jardunaldia, eta interesatuek uztailaren 15erako eman beharko dute izena. Aurtengoan kirola izango dute hizpide, eta hiru osagai batuko dituzte: Kirola, euskara eta Elgoibar. 

Elgoibarko Izarrak eta Elgoibarko Udaleko Euskara Sailak eta Kirol Patronatuak antolatuta 'Euskara ala Ezkara kirolean' jardunaldia egingo dute irailaren 3an, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Jaurlaritzaren babesarekin. Hiru elementu lotuko dituzte; Elgoibar, kirola eta euskara, eta ondorengo galderei erantzuten ahaleginduko dira gonbidatuak: Zein da Elgoibarren kirolak duen dimentsioa eta eragina? Zein dira elgoibartarrok gehien egiten ditugun kirolak? Elgoibarren euskaraz egiten al da kirola? Zenbat bai eta zenbat ez? Zergatik da garrantzitsua kirola euskaraz egitea? Kirola ere herrigintza al da? Zergatik? Zer ematen dio kirolak Elgoibarren ongizateari? Eta euskarak? Zelakoak dira eliteko kirolariak? Bizimodu erosoa al dute? …

Goizez izango da, 9:30etik 14:30era, IMHn, eta nahi duenak pintxo bazkarira geratzeko aukera ere izango du. Prezioa 10 eurokoa da (15 € bazkaltzera geratzen direnek). Elgoibarko kirol elkarte eta entitateetako kideek doan izango dute.

Izena emateko eta informazio gehiago:
• Elgoibarko Izarra 943 741 626 / elgoibarkoizarra@elgoibarkoizarra.eus
• Kirol Patronatua: 943 744 415 / olaizagaharrera@hotmail.es
• Izena emateko: https://labur.eus/fIR8m

2022 07 07 euskara ezkara egitaraua