%2,2 jaitsi da euskararen kale erabilera Debabarrena eskualdean azken bost urteetan

Barren.eus 2022ko uzt. 1a, 12:59

Debabarrenean behera egin du kaleko euskararen erabilerak (%2,2) azken bost urteetan. Azken neurketen arabera herritarren %24,3 aritzen dira euskaraz eskualdean. Euskara gehien entzuten den Euskal Herriko eskualdea Debabarrenarekin mugakide den Lea Artibai (%76) da. Debabarrena, bederatzigarren postuan ageri da.

Euskal Herriko hizkuntzen erabileraren kale neurketa 2021 txosteneko datu orokorrak argitaratu zituzten maiatzaren amaieran. Herriz herriko datuak udazkenean argitaratuko dituztela jakinarazi dute, baina orain txosteneko datuak eskualdeka xehatu ditu Soziolingustika Klusterrak. Uztailaren 22an Bilboko EHUren Bizkaia Aretoan egin zuten Euskal Soziolingustika Jardunaldia 2022 ekitaldiaren barruan eman zituzten datuak eskualdeka.

Debabarrenari erreparatuta, 20211tik 2016ra hartu zuen gorako joera eten egin da, eta behera egin du euskararen kale erabilerak azken bost urteetan. Euskararen kale erabilera eskualdeka nolakoa den erakusten duen Euskal Herriko Mapari erreparatuz gero (behean), eskualde euskaldunetetaz inguratua ageri da Debabarrena, -Lea Artibai (%76,1) eta Urola-Kostaldea (%63,7) eskualdeen erdian-, baina, dezente portzentaje apalagoekin. Deba bailaran bertan ere alde nabarmena dago Debagoiena (%42,4) eta Debabarrena (%24,3) eskualdeetan, ia bikoiztu egiten baitu batak bestearen erabilera portzentajea.

Eskualde beste errealitate dauden arren, ondorio orokor gisa azken bosturtekoan euskararen kale erabilera egonkor mantendu dela atzeman liteke. Bizkaiko Arrati Nerbioi eskualdea izan da beherakada handiena izan duena (-%11,0), eta Tolosaldea, aldiz, portzentaian igoera esanguratsuena izan duena (%3,5).
Probintzien erkaketan Gipuzkoako kaleetan (%30,6) gainerako lurraldeetan baino euskara gehiago entzuten den arren, ez da gipuzkoarra euskara gehien erabiltzen duen eskualdea. 2011ko zein 2016ko azterketetan bezala, Bizkaiko ipar-ekialdeko Lea Artibai eskualdea da euskararen kale erabilera altuena duen eremua (%76,1) –Lekeitio, Markina-Xemein eta Ondarroa dira aztertu diren udalerriak–.
Urola-Kostaldearen (%63,7) eta Tolosaldearen (%55,8) atzetik, laugarren postuan ageri da Debagoiena (%42,4). Debabarrena bederatzigarren postuan ageri da. Halaber, adierazgarria da Euskal Herriko zazpi hiriburuetako lauren eskualdeak azken postuetan agertzea. %4,1 soilik mintzo da euskaraz Arabako Lautadan –Gasteiz–; %3,6 Bilbo Handian –Bilbo–; %3,1 Iruñerrian –Iruñea–; eta, BAMen, berriz, ehun herritarretatik biri (%1,9) ere ez zitzaien entzun euskaraz hitz egiten –Baiona–.