Etorri berrientzako euskara eskolak, 'Hurbiltzen' egitasmoaren barruan

Barren.eus 2022ko mai. 19a, 14:05

Hurbiltzen egitasmoan parte hartzen duten guraso batzuek euskara ikasteko nahia adierazi dute, eta horren haritik, euskara ikasteko taldetxo bat sortu da.

Iazko udazkenean, Udalak eta Elgoibarko Izarrak Euskarara Hurbiltzen izeneko egitasmoa jarri zuten abian, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin, Topagunearekin eta herriko ikastetxeekin elkarlanean. Egitasmoaren helburua da Elgoibarrera etorri berri diren familiei harrera egitea, euskara erdigunean jarri, herriko beste familiekin harremanak sustatu, kulturartekotasuna eta hizkuntza aniztasuna aitortu eta elkarbizitza berdintasunean eraikitzeko.

Proiektu horren baitan, bertan parte hartzen duten guraso batzuek euskara ikasteko nahia adierazi dute, eta horren haritik, euskara ikasteko taldetxo bat sortu da, 8 lagunekoa. Taldea, AISA I ikastaroa egiten ari da, otsailean hasi eta ekaina bitartean, Zabaltzen-Sartu Elkarteak Ubitarten dituen lokaletan. Ikastaroa egiten ari diren guztiak emakumeak dira, eta gehienak, amak. Euskara ikasten jarduten dute elkartekideek beste formazio ekintza batzuk egiten dituzten leku berean, Debabe Udal Euskaltegiko irakasle baten gidaritzarenpean, haurrak eskolan dauden bitartean.

 • Aisa I ikastaroa
Aisa I oinarrizko euskara ikastaroa da, 60 ordukoa, eta HABEk propio diseinatutako materiala erabiltzen da. Ikastaro horretan, gai motibagarriak lantzen dituzte, "gure gizartea ezagutzen lagunduko dutenak: agurrak, zenbakiak, eskola, garraioa, osasuna, kirola, merkataritza, e,.a". Era berean, garrantzia berezia du hiztegiak eta hizkuntzaren oinarrizko ulermenak (kaleetako errotuluak, kartelak…). Interesatuek Udal Euskaltegian jaso dezakete informazio gehiago.

 

∞Lotura duten albisteak: