'Euskara aurrera' manifestazioan parte hartzera deitu dituzte "euskaldunak zein Euskal Herriaren etorkizuna euskaraz imajinatzen duten herritar guztiak"

Barren.eus 2022ko mai. 19a, 09:26

Gazte Euskaltzaleen Sareak bultzatuta Euskara aurrera manifestazioa izango da Donostian, zapatuan, maiatzaren 21ean. "Herri bultzada berri bat" abian jartzera deitu dituzte euskaltzale guztiak, uste baitute egungo hizkuntza politikak ez direla "aski" euskarak dituen "erronkei" eta "zailtasunei" erantzuteko.

"Gazteek erakutsi duten aktibazio-nahia sustatzeko asmoa" duen kale agerraldia Antiguoko tuneletik abiatuko da, 17:30ean.

Duela aste batzuk, apirilaren hasieran, aurkeztu zen Gazte Euskaltzaleen Sareak deitu du manifestaziora. Aurkezpen hartan mobilizazioan parte hartzera deitu zituzten "euskaldunak zein Euskal Herriaren etorkizuna euskaraz imajinatzen duten herritar guztiak".

Euskalgintzako dozena bat eragilek ere bat egin dute mobilizazioarekin, tartean, Elgoibarko Izarra kide den Euskal Herriko Euskaltzaleen Topaguneak ere bai, euskararen normalizazio prozesuak bultzada eta belaunaldi berriak behar dituela argudiatuta. Eragileotako ordezkariek joan den maiatzaren 10ean egin zuten agerraldia, Donostiako Antigua auzoko tunelaren aurrean, manifestazioari atxikimendua adierazteko: Paul Bilbaok (Euskalgintzaren Kontseilua), Kike Amonarrizek (Euskaltzaleen Topagunea), Urko Aierbek eta Koldo Zaratek (Euskal Herrian Euskaraz), Lorea Agirrek (Jakin), Jon Abrilek (Elhuyar), Alex Aginagaldek (Pantailak Euskaraz), Rober Gutierrezek (Bai euskarari), Laida Begiristainek (Maizpide euskaldegia), Koldo Tellituk (Ikastolen Elkartea), Alizia Iribarrenek (AEK) eta Joan Mari Larrarteek (Elkar) sustatu dute mobilizazioa.

Elkarreko zuzendari Joanmari Larrartek eta AEK-ko koordinatzaile nagusiak, Alizia Iribarrenek, irakurri zuten guztien artean adostutako adierazpena.

Bertan diotenez, asteburuan "euskalduntzeak bide zaharrak eta erronka berriei erantzuteko gaitasuna uztartu behar dituela ikusi dugu". "Larunbatean Iruñean eta igandean Senperen milaka euskaltzalek nahiz Euskal Herriaren etorkizuna euskaraz irudikatzen duten pertsonek kaleak eta laku ertzak hartu ditugu, euskararen aldeko herri gogoa badela eta aurrerantzean egongo dela adieraziz", esan dute.

Ildo horretan, egoera eraldatzeko, "parez pare" begiratu behar zaiola ziurtatu dute, eta XXI. mendean euskarak "nahi baino zailtasun eta erronka gehiago" dituela: "Euskararen aurkako epai juridikoak areagotu egin dira azken garaiotan, egungo hizkuntza politikak aski-ezak dira euskarak esku artean dituen erronkei erantzuteko, ezagutzaren unibertsalizazioa egia bilakatzeko urrats erabakigarriak faltan dira, eremu digitalean euskarak presentzia duina izan dezan neurri berriak behar dira".

Halaber, ohartarazi dute gaur gaurkoz ezin daitekeela esan euskararen etorkizuna bermatuta dagoenik. "Euskara XXI. mendera bizirik heldu bada, milaka euskaltzaleren konpromisoari esker izan da. Etorkizunean euskarak aurrera egingo badu milaka euskaltzaleren konpromisoari esker izango da", adierazi dute.

 • "Kimu berriak"
Edonola ere, bide horretan "kimu berririk eta argi izpirik" ikusten dutela gaineratu dute. Izan ere, azaldu dutenez, "euskalgintzak bere eguneroko jardunean herri hau euskaratik eta euskaraz eraikitzen jarraitzen du; inoizko Korrika jendetsuena eta indartsuena izan da igaro berri dena; Gazte Euskaltzaleen Sarea sortu da, gazte belaunaldi berri bat euskararen aldeko borrokara batzeko asmoz".

"Bada, beraz, herri gogo eta energia nahikorik euskarak behar duen herri bultzada berria martxan jartzeko. Hori posible egiteko, ordea, aurrera urratsa egin behar dugu euskaltzale guztiok, euskaldun gisa bizitzeko eskubidea eta nahia betetzeko, euskara normalizatzeko, hizkuntzen, hizkuntza komunitateen eta herrien berdintasunean oinarritutako munduari gure ekarpena egiteko, guztion hizkuntza eskubideak errespetatzeko, justizia eta demokrazia auzia delako hau, euskara herri kohesiorako zuntza izateko eta, finean, Euskal Herri euskalduna izateko", azaldu dute.

Horregatik guztiagatik, maiatzaren 21ean 17:30ean Donostian Antiguako tuneletik abiatuko den manifestazioan izango direla iragarri dute, eta dei egin diete euskaltzale guztiei deialdira batu daitezen eta "elkarrekin urrats erraldoia eman dezagun".

 • Sinadura bilketa kanpaina
Mobilizazio honi lotuta, sinadura bilketa ere hasi dute, "Euskararen alde: euskarak aurrera egin behar du, eraso guztien gainetik. Euskara aurrera!" lelopean.

2022 05 13 Gazte Euskaltzaleen Sarea euskara aurrera aurk donostian