"Euskaraldia ez da euskarak dituen gaitz guztientzako soluzioa, baina aldaketak eta hobekuntzak ekarri ditu hizkuntza-ohituretan"

Barren.eus 2022ko mai. 18a, 12:00

Euskaraldiaren barruetan aztarka jardun zen Kike Amonarriz soziolinguista atzo Elgoibarren, Elgoibarko Euskaraldia Taldeak eskatuta. Euskaraldia nazio mailako ariketa noiz, zergatik eta zertarako sortu zuten azaldu zuen eta lorpenak eta erronkak aletu zituen gero.

Amonarrizek esan zuen euskara agenda sozio-politiko-komunikatiboaren erdigunera ekarri duela Euskaraldiak, paradigma berri baten oinarriak zehaztu dituela eta ekarri duela ilusioa eta sortu duela konplizitatea, gizartearen gune gehienetara heldu den heinean. Amonarrizek argi laga zuen Euskaraldia ez dela euskarak dituen gaitz guztientzako soluzioa, baina hizkuntza-ohituretan aldaketak eta hobekuntzak ekarri dituela, parte hartu dutenen gehiengoak euskara gehiago egiten duelako gaur, lehen baino.

Orain, energia hori egonkortzea jarri dute erronkatzat hirugarren ediziorako, baina beste bi helburu nagusi ere zehaztu dituzte: batetik, Euskaraldian parte hartzen duten norbanako eta entitateek euskarazko praktikak hedatzeko urrats berriak ematea. Hau da, ariketaren portaeretan sakontzea eta erabileran jauzi kualitatiboa ematea. Eta bestetik, parte-hartzea hedatzea. Ahobizi, belarriprest eta arigune gehiago lortu nahi dituzte.
Atzokoaren kronika osoagoa datorren asteko BARRENen papereko edizioan jasoko duzue.

2022 05 17 kike amonarriz hitzaldia euskaraldia aitagirren 2

2022 05 17 kike amonarriz hitzaldia euskaraldia aitagirren atzetik