Elgoibarko euskararen ondarea sarean: elgoibarreraz.eus

Barren.eus 2016ko urt. 14a, 19:45

Gotzon Garate beka baliatu du Gotzon Barandiaranek elgoibarreraz.eus web-ataria egiteko eta gaur egin dute aurkezpena herritarren aurrean.

Gaur (urtarrilak 14) aurkeztu dute Elgoibarko Udalaren Gotzon Garate beka jaso eta Gotzon Barandiaran larrabetzuarrak egin duen lana: elgoibarreraz.eus web-ataria. Bekaren ikerketa esparrua euskararen ezagutza; erabilera eta kalitatea da. Euskara arloko ikerketa sustatzeaz gain, idazle eta euskaralari elgoibartarra omentzea ditu helburu. 

Elgoibarko euskararen ondarea gizarteratzeko egitasmoa edo euskarria prestatzea izan da oraingo beka deialdiaren asmoa. Ondare hori jasotzea eta gordetzea garrantzitsua delako batetik, Udalari dagokiolako horretarako baliabideak jartzea, eta denon eskura egongo den ondare bizia izatea nahi dutelako.

 elgoibarreraz.eus web-atariaren helburua da herriko euskararen ondarea, orain arte egin eta bakoitza webgune batean jasotakoa –Elgoibarko euskara, toponimia, Ahotsak ahozko ondarea, kronika zaharrak eta Elgoibartarren esanetan– atari batean biltzea arloka sailkatuta, eta webgune guztiak elkarren artean lotuta, edukien arteko loturak eginez. Horrela, klik bakarrean, herriko euskararen ondarea eskura izango dugu elgoibartarrok eta beste edozeinek erabiltzeko moduan jarri dute.

2016 01 14 elgoibarreraz.eus aurk gotzonb

Elgoibar aitzindari

Lanaren egilea, Gotzon Barandiaran, Euskal Filologian lizentziatua da, eta euskara teknikari lanetan aritutakoa. Euskal idazle eta kulturgilea ere bada, eta arlo horietan ondarea berreskuratzen, digitalizatzen eta hedatzen eskarmentu handikoa.

Egilearen esanetan, "Elgoibarren kasuan oso nabarmena zen urte pila batean Udala eta herria ari zinetela euskararekin eta kulturarekin zerikusia zuen ondarea biltzen, baina sakabanatuta zegoela. Gainera oso sasoi ezberdinetan egindakoak zirenez formatuak ere hala ziren. Adibidez, Jabi Leonek egindako Elgoibartarren esanetan webgunean, programazioa eguneratu egin behar zen edo Jesus Mari Makazagak egindako lana, ikerketa akademikoa zen eta hori dena web logika batera ekarri dut, edukiak klikagarri egin eta batzuk besteekin lotu ditut".

Ataria egitean Gotzon Barandiaranek erabiltzaileak hartu ditu kontuan. "Edozein elgoibartarrentzat funtzionalitate aldetik oso erraza da, internet askorik ezagutzen ez duenak ere oso erraz erabiltzekoa, oso klik gutxi eginda heltzen baita edukietara. Beste erabiltzaile batzuk dira euskaltzaleak, euskara edo euskal kultura lan tresna daukatenak edo historia zaleak, Elgoibarko historia hor baitago eta euskaraz kontatua gainera. Profesionalentzate ere egunerokorako tresna oso erabilgarriak daude".

Horri guztiari diseinu nahiko erakargarria egokitu dio edukiak zutabe eta koloreka ezberdinduz. "Webgune bakoitzak badu bere kolorea, bere identifikagarritasuna. Bestalde, nahiko dinamikoa da erabiltzailea sartzen den bakoitzean lehen orriko edukiak automatikoki berritu egiten baitira". 

•Ondarea jaso eta zabaldu

Herri gehienek egin beharko luketen gauza bat dela uste du Barandiaranek: Ondarea jaso eta ahal izanez gero atari batean bildu. "Herri askotan ondare pila bat dago urte askoan gordea, baina oso sakabanatua, beraz, herritarrak eta erabiltzaileak oso zail dauka horren ikuspegi orokor bat edukitzeko. Elgoibarren kasua aitzindaria da, ez dago Euskal Herrian Udalik horrelako lana egin duenik eta desiragarria litzateke herri guztietan egitea gure ondarea ez dadin galdu". Ataria prest denez, Udalak dei egin nahi die herritarrei bertan sartzera eta saltseatzera, orain arte ezezagunak zituzten gure herriko kontu zaharretatik gauza berri asko ikasi ahal izango dituztelako. Era berean, ingurukoen artean atari honen berri zabaltzea, hain preziatua dugun ondarea zabaltzeko.

2016 01 14 elgoibarreraz.eus aurk1

2016 01 14 elgoibarreraz.eus aurk

2016 01 14 elgoibarreraz.eus aurk pub