Hurbiltzen egitasmoko familiak Lizagasar Sagartokian bisitan izan dira

Barren.eus 2022ko mai. 13a, 11:37

Lizasagar Sagartokiko sagastiak zein naturgunea ezagutu eta bertan ekoizten dituzten produktuak dastatzeko aukera izan zuten Hurbiltzen egitasmoan parte hartzen diharduten familiek, joan den martitzenean.

Sagarrekin eta sagarren bueltan egiten duten lana erakutsi zieten Lizasagar Sagartokikoek, eta naturguneaz gozatzeko aukera ere izan zuten, jolasaren bidez.

Hurbiltzen egitasmoko arduradunek aurreratu dutenez, ikasturtea amaitu aurretik hainbat ekintza egitea aurreikusten dute, eta udako etenaldiaren ostean, berriro ere abiatuko dute proiektua. Horregatik, eurekin batzera gonbidatu dituzte familiak.

Egitasmoa Udalak eta Elgoibarko Izarrak sustatzen dute, eta Elgoibarrera etorri berri diren familiei harrera egitea da ‘Euskarara Hurbiltzen’ egitasmoaren helburua, betiere euskara erdigunean jarriz, herriko beste familiekin harremanak sustatuz, kulturartekotasuna eta hizkuntza aniztasuna aitortuz eta elkarbizitza berdintasunean eraikiz. Euskaratik urrun dauden familiekin ere lan egin nahi dute, bereziki, euren seme-alabak euskarara hurbiltzeko eta euskarazko aisia eta kultura eskaintza eskura jartzeko.
Egitasmoaren gaineko informazio gehiago eskuratzeko edo parte hartzeko Elgoibarko Izarrako bulegora jo daiteke edo telefono bidez kontaktatu (943 741 626).

2022 05 13 hurbiltzen egitasmokoak lizagasar bisita elgoibar 1

∞Lotura duten albisteak: