Euskara

barren.eus-logoa

Tokikom

 

 
 

2022 04 30 gotzon garate lagunen biltzarra bertsoak BARRENGotzon Garate Goiartzun (1934-2008) jesuita, idazle eta euskaltzaleari Atsotitzak liburua ontzen lagundu zioten baserritarrak eta haren ondorengoak Elgoibarren batu ziren zapatuan, duela hogeita sei urte hasitako ohiturari jarraituz. (bideoa dauka)

Ohi legez, meza izan zuten lehenengo, Elgoibarko San Bartolome parrokian. Elizkizunaren amaieran Elgoibarri eta herriaren historiari buruzko hainbat argibide eman zizkien Pello Arrietak. Meza ostean, San Bartolome kalera joan ziren, Garateren jaiotetxe aurrera. Han, Angel Ugarteburuk jarritako bertsoak eta Xalbadorren heriotzean kantatuz oroitu zuten laguna.

Gotzon Garatek 1967an ekin zion baserriz baserri bilketa lanari. Euskal Herriko zazpi lurraldeetan ibili zen, eta hogeita hamar urteko lanaren ostean, 27.000tik gora atsotitz bildu zituen, horietako 14.000 bat euskarazkoak [On-line kontsulta daiteke 'Atsotitzak' liburua ].

“Baserria euskararen unibertsitatea zela esaten zuen beti Gotzonek eta baserrietako sukaldeetan aritzen zen euskarazko altxorrak, hitzak eta esamoldeak, batzen”, esan du Koldo Katxok, Gotzon Garateren lagunak elkartzeko egitasmoaren sustatzaileetako batek. Katxok azaldu du Ahierrako Kapotenea baserriko Andre Martinoni eta herri bereko apaiz zen Mixel Lekuona euskaltzale eta bertsozaleari bururatu zitzaiela Garateri lagundu izan zuten Iparraldeko eta Hegoaldeko baserritarrak urtean behin batzea eta adiskidantza hari eustea. Eguna ere zehaztu zuten: Maiatzaren 1a, San Jose Eguna edo Langileen Nazioarteko Eguna. “Euskararen langileen egunarekin lotu genuen”, zehaztu du Katxok. 1996an sortu zuten ekimen hori gauzatuko zuen antolakuntza-taldea, eta geroztik, 24 urtez, urtero-urtero elkartu dira jatordu baten bueltan, kantuan eta solasean aritzeko. Estreinako aldian, Loiolan (Azpeitia) batu ziren eta Azkoitiko Aittola-Zar jatetxean egin zuten otordua, eta Aralarko San Migelen egin zuten azken topaketa, 2019an. Bizi zen artean urtero saiatu zen Garate bilkura horietan parte hartzen, eta hil-hurren zela (2008ko urriaren 8an hil zen), usadioari eusteko eskatu zion Koldo Katxo lagunari. Hala ere, adinean aurrera doazela-eta, urtean behin batzeko ohitura horri amaiera ematea erabaki zuten azkenekoz bildu zirenean. Elgoibarren elkartzekotan gelditu ziren, baina pandemiagatik, bi urteko etena egin behar izan dute, harik eta zapatuan berriro elkartu ziren arte.

 *Bideorako irudiak: BARREN eta Valentin Mugarza.

2022 04 30 gotzon garate lagunen biltzarra eliza atarian BARREN

Gotzon Garateri buruzko informazio osoa euskaraalaezkara.eus web orrian duzue.

 

Lotura duten albisteak:

Elgoibarko Izarra

elgoibarkoizarra-logoa-irudia

 

Gida komertziala

Gida komertziala 2018

Bideoak

Barren astekaria

ePosta harpidetza