Kiribilek jaso du Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek Atxutxiamaikari egin dioten oparia

Barren.eus 2022ko api. 29a, 20:09

Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek Kuikui antzezlana taularatu dute gaur Elgoibarko Herriko Antzokian, eta saioa baliatu dute Atxutxiamaikari egunerokoan Elgoibarko umeak euskalduntzen egiten duen lanagatik. Kiribil barraskiloak jaso du pailazoek emandako euskararen habia goxoa. 

Pirritx, Porrotx eta Marimotots Elgoibarren izan dira gaur arratsaldean, eta beste behin ere Herriko Antzokia bete egin dute eskaini dituzten bi saioetan. Kuikui antzezlana taularatu dute, eta oraingoan ere,  pailazoek euskarari eutsi nahi izan diote ikuskizun honekin.  Pailazoek txoriak direla amestu zuten, eta munduari kuikui esan zieten. Kuikui txorrotxioa egingo diote munduari, euskaratik eta euskaraz. Horren harira, herrian euskara sustatzen duen Elgoibarko Izarra elkarteko Atxutxiamaikari aitortza egingo diote, urteetan umeen aisialdia euskaraz eskaini eta umeak euskarara hurbiltzeko egiten duen lanagatik. Kiribil barraskiloak jaso du pailazoen oparia; euskararen habia goxoa. Elgoibarko umeak aspaldian zeuden Kiribil ikusi gabe, baina barraskiloak bere itzuleraren berri eman die gaur Herriko Antzokian bildu direnei. Berriz itzuliko dela esan die, plazan ikusiko dutela elkar eta ume zein gurasoekin euskaraz jolasten eta hezten jarraituko duela adierazi du. 

Euskara ezezik, migrazioaren gaia ere presente izan dute gaurkoan, Afrikatik iritsi eta Baionara bidean zen migrante baten bidez. Tilipito poliziak harrapatu nahi zuen migrantea, baina pailazoen eta ontzaren laguntzaz, Baionarako bideari segi dio, bere senideekin elkartzeko. Kutsadura eta naturaren zaintzarekin ere ez dira ahaztu, eta berriz ere gogorarazi diete umeei ez dela plastikorik bota behar lurrera. Balea handi bat atera dute oholtzara, sabela plastikoz eta zaborrez beterik zuela, umeen kontzientzietan eragiteko.

Umeek kanta eta dantza nahi beste egin dute, eta koronabirusaren aurreko itxura hartu du gaurkoan Herriko Antzokiak, ume zein helduen pozerako. 

Hona Kiribilek Atxutxiamaikaren izenean pailazoengandik opariajaso duen unea, bideoan:

2022 04 29 pirritx porrotx1

2022 04 29 pirritx porrotx3

2022 04 29 pirritx porrotx4