Kanpainaren sustatzaileek herritarrei dei egiten diete bere izanarekin koherente izateko eta abizenak euskalduntzeko: “Izena duen guztia bada. Gure izen-abizenak euskal grafiaz. Euskaldunak, munduan, izateko” dio kanpainaren berri emateko sortu duten kartelak. Azaldu dutenez, abizenak euskaldundu eta herritarrek euren burua euskaraz "sentitu, bizi eta munduaren aurrean euskaraz aurkeztu" dezaten lortu nahi dute.
Udalerri euskaldunetako herritarren sentsibilizazioan eragin, eta bide batez, nagusiki euskaraz bizi diren herritarrok eredu izan daitezen lortzea da helburua. Izan ere, udalerri euskaldunetatik harago ere, nahi duenak oso modu errazean euskaldundu ditzake bere izen abizenak.
Hainbat urtetan, dokumentu ofizialetan norbere abizenak euskal grafiaz idazteko zailtasun eta debekuak izan dira. Denborarekin euskarak bidea ireki du, eta gaur egun, bada aukerarik nahi duen orok bere izen-abizenak euskaraz izan ditzan. Garai hartako debekuek, ordea, gaur arteko eragina izan dute. Izan ere, Echeverria edota Echenique bezalako askok halaxe pasa dizkiete euren abizenak oinordekoei. Orain, bakoitzak erabaki eta gauzatu beharko du euskarak izan dituen garai ilunen ondorioak gainditzeko urrats txikia.
• Nola euskaldundu abizena?
- Erregistro Zibilera edo Bake Epaitegira* joan eta esan abizena euskal grafiaz ipini nahi duzula. (*Mendaroko Bake Epaitegiaren ordutegia, ostiraletan, 9:00etatik 14:00etara)
- Han emango dizuten eskaera orria zure datuekin bete.
Eraman beharreko agiriak:
- Nortasun agiriaren fotokopia. Adinez nagusia ez bazara, baita gurasoena ere.
- Hitzez hitzeko jaiotza ziurtagiria. Epaitegian eskatzen da.
- Errolda agiria. Udaletxean eskatzen da, eta, adinez nagusia ez bazara, gurasoena beharko duzu.
- Familia liburuaren fotokopia. Ezkonduta bazaude edo seme-alabarik baduzu.
- Seme-alaben nortasun agiriaren fotokopia. 16 urtetik gorako seme-alabak badituzu.