Korrikarako kilometroak eskuragai daude AEK euskaltegian

Barren.eus 2022ko ots. 15a, 19:46

Korrikaren helburuak "euskararen aldeko kontzientzia suspertzea" eta "euskaltegien eguneroko lana indartzeko dirua biltzea" izanik, asko dira ekarpena egiteko moduak.

AEKk antolatuta Euskal Herrian barrena egingo den euskararen aldeko lasterketa, Korrika, martxoaren 31n abiatuko da eta apirilaren 1ean pasatuko da Elgoibartik. Euskararen aldeko kontzientzia suspertzea eta gau-eskola zein euskaltegien eguneroko lana indartzeko dirua biltzea ditu helburu.

 • Hitzekin edo ekintzekin laguntzeko aukera
Antolatzaileek herritarrak gonbidatu nahi dituzte Korrikan parte hartzera. Izan ere, Hitzekin edo ekintzekin izan, herritar guztiek har dezakete parte euskararen aldeko egitasmoan. Korrika egiteaz gain, hainbat herritarrek lekukoa eramango dute, izan ere, eskuz esku pasatuko da erakunde, elkarte, ikastetxe, enpresa... batetik bestera. Lekukoa eraman ahal izateko kilometro bat eskuratu beharko da. Parte hartzeko beste modu bat Korrika laguntzaile egitea da. 12 euroren truke pina eta txartela jasoko ditu hori ordaintzen duenak eta gainera laguntzaile izateak hainbat abantaila diru. Gainera, aurten ostiralero zozketak egiten dituzte eta 300 sari baino gehiago banatzen ari dira.
Kilometroa eskuratzeko eta laguntzaile izateko AEK euskaltegiarekin jarri beharko dira harremanetan interesatuak, Gabriel Kurutzelaegi, 10 helbidean duten egoitzara joanez, 607 601 423 zenbakira dei eginez edo elgoibar@aek.eus helbidera mezua bidalita.

AEK-k antolatzen du Korrika, euskararen berreskuratzea eta Euskal Herriaren berreuskalduntzea xede dituen erakundeak. Hori lortzeko helduen euskalduntze eta alfabetatze alorrak jorratzen ditu, batez ere: euskara eskolak, ikerkuntza, material didaktikoen sorkuntza, irakasleak prestatzeko ikastaroak, euskara-planak, itzulpenak, mintza-taldeak...

"Jakin badakigu, Iparraldeko eta Nafarroako euskararen egoera zelako tamalgarria den, eta,ondorioz, euskaltegien egoera premiazkoa dela: eremu administratibo horietako euskaltegi eta gau-eskolek ez dituzte-eta, oraindik ere, behar dituzten diru-laguntzak jasotzen. 22. Korrikak jasotako dirua, beraz, Euskal Herri osoko Gau Eskola eta euskaltegiak laguntzeko erabiliko du AEK-k", azaldu dute.

 • Leloa eta omenduak
Hitzekin da 22. edizio honetako leloa, eta honela dio mezuaren zati batek: "Hizkuntza bat hitzekin osatzen da, baina ekimenek eraikitzen dute hizkuntza baten komunitatea. Euskarak aurrera egin nahi badu, euskaldun (pro)aktiboak behar ditu, konbentzimendutik ekintzara, praktikara, jauzi egingo dutenak".
Aurtengo omenduak Pirritx (Aiora Zulaika), Porrotx (Joxe Mari Agirretxe) eta Marimotots (Mertxe Rodriguez) pailazo ezagunak izango dira. 1987an hasi zuten ibilbidea, eta ordutik, sudur gorria jantzita aritu dira euskararen alde.

∞ Lotura duten albisteak: