Orain 21 urtetik hona ari da kooperatiba taldea bere egunerokotasuna euskaraz izateko lanean, eta aurten, 2021-2024 plan estrategikoa diseinatu eta euskara planeko erronkak eta helburuak ere onartu dituela jakitera eman du.
Azaldu dutenez, 'Euskaraz izango gara' lemak modu argian jasotzen du kooperatiba taldearen erabakia eta konpromisoa. Danobatgroup industria taldea espezializatuta dago makina-erreminten fabrikazioan, balio erantsi handiko osagaien fabrikaziorako garapenetan, giltza eskura erako ekoizpen sistemetan eta zerbitzu teknologikoki aurreratuetan. Danobatgroup kooperatibaz gain, Danobat, Goiti, Soraluce, Goimek, Latz eta Ideko kooperatibek osatzen dute taldea. Horiek guztiek harreman sare zabala dute, eta lanerako hizkuntza asko erabili eta kudeatzen dituzte. Baina Euskal Herriko lantegietako langile, hornitzaile, bezero, ikastetxe, administrazio eta abarrekin "euskara erabiltzeko erabakia" hartua du, eta horren adierazgarri dira taldeko kooperatiba guztietan euskararen erabilera bultzatzeko dituen planak eta lortutako eta "lortzeko bidean dauden Bikain Euskararen Kalitate Ziurtagiriak".
Euskaraz izango gara da Danobatgroupek etorkizunerako aurreikusten duen agertokia, eta agertoki hori errealitate bihurtzeko lanean dihardutela azaldu dute, bai eguneroko lanean, ikerketa eta garapenean, teknologia berrietan zein elkarren arteko harremanetan.
Baina, egunerokotasunetik haratago, gizarteari ere euskararekiko duen konpromisoaren berri eman nahi dio Danobatgroupek. Aurten, aurreko urteetako bidea jarraituz, Danobatgroupek lantegiak dituen herrietako herritar guztiengana iritsi nahi izan du Euskararen Eguneko lehiaketaren bidez, eta gizarte osora zabaldutako lehiaketak badu sariduna: Aitzol Beristain. Bizkaiko zuhaitz-etxe batean gaua pasatzeko aukera bi lagunentzat. Horixe jaso duen saria.