Mendaro berriro euskararen arnasgune bihurtzeko ahalegina

Barren.eus 2021ko abe. 3a, 08:01

Euskararen erabilera sustatzeko ahaleginetan ari dira Mendaron eta euskal hiztunengan eragiteko ekintza ezberdinak antolatu dituzte Arno Guraso Elkarteak, UEMAk, eta Udalak elkarlanean. Besteak beste, herriko hiru kuadrillatan ‘Eusle’ egitasmoa jarri dute martxan, hizkuntza-ohituretan eragiteko, eta Mintzapraktika egitasmoa martxan jartzeko deialdia ere egin dute. Horri lotuta, euskararen kale erabileraren emaitzak ere zabaldu dituzte: Euskararen ezagutza %70 ingurukoa da, eta erabilera, %43,9koa.

Mendaro herria UEMAn sartuta dago, Udalerri Euskaldunen Mankomunitatean. Horretarako bi baldintza bete behar dira: batetik, euskararen indizea gutxienez %70ekoa izan behar da, eta hori kalkulatzen dute euskaldunen kopurua eta ia euskaldunak direnen erdia batuz. Horrez gain, beharrezkoa da Udalak herrian euskararen normalizazioan lan egiteko prestutasuna agertzea. Euskararen Mahaia sortu dute Mendaron, eta talde horretan daude besteak beste herriko hainbat euskaltzale, Udaleko ordezkariak, UEMAko teknikaria, Ikastolako ordezkariak eta Arno Guraso Elkarteko kideak. Elkarlanean dihardute Mendaro euskalduntzeko ahaleginean, eta horri lotuta, azken kale neurketaren datuak eman berri dituzte.

Kale neurketa behaketa sistema bidez egiten da. Soziolinguistika Klusterrak eta UEMAk elkarlanean egiten dute behaketa hori, lan horretarako zehazki prestatutako pertsonen bidez. Modu anonimoan behatzen dituzte herritarren portaerak, eta behaketa prozesu horretan jasotako informazio hori guztia biltzen dute. Aurten 6-8 euskaltzale aritu dira behaketa lanetan, eta lau mila lagunetik gora behatu dituzte. Arduradunek esan dute ikerketak 2,5eko akats tartea daukala, beraz, datuak "fidagarriak" direla. Era berean, ez dute nahi izan aurtengo datuak aurreko urteetakoekin alderatzea, izan ere, aurrekoetan erabili zuten lagina askoz txikiagoa zen, eta ez zaie iruditzen datuak alderagarriak direnik. Hortaz, azken ikerketan jarriko dugu begia, Mendaroren euskalduntasun maila zein den jakiteko. Atera dituzten ondorio nagusien artean esan dute ezagutzatik urrun dagoela erabilera Mendaron. 10etik zazpik euskaraz dakite edo ulertzen dute behintzat, baina erabilera, aldiz, %43,9koa da. Beraz, hamarretik zazpik dakite euskaraz, baina lauk erabiltzen dute, ia erdiak. Adin tarteari dagokionez, berriz, 2 urtetik 14 urte arterako gazteek egiten dute gehien euskaraz (%53,4) eta horren atzetik 40tik 64 urtera artekoek (%47). Gutxien, aldiz, 15 urtetik 24ra bitarteko gazteek erabiltzen dute: %23,7.

2021 12 02 euskara kale neurketa datuak mendaro taula

 • Herriak euskaldunago egiteko ekimenak
Datuak aurkeztearekin batera, Mendaro herri euskaldunagoa egiteko hainbat gomendio eman zituzten, gainerako herrietarako ere balekoak direnak: telebista, irrati eta prentsa edo liburuak euskaraz kontsumitzea, dakienari euskaraz hitz egitea, bai eta euskaraz eroso hitz egiteko guneak sortzea ere. Baina horrez gain, hizkuntza ohituretan eragitea da garrantzitsuena, eta asmo horrekin Eusle programa jarri dute martxan Mendaron, herriko hiru kuadrillatan. Azaroaren 15ean hasi zuten, eta abenduaren 15era bitartean iraungo du ariketak. Egitasmoak taldearen oniritzia behar du martxan jartzeko, eta gutxienez taldekideen %80k eman behar diote baietza egitasmoari. Talde naturala izan behar da, eta taldekide guztiek ulertu behar dute euskaraz. Taldeak aukeratuko ditu eusleak, eta horretarako prest egon beharko dute. Euslearen zeregina izango da beti euskarari eustea, hizkuntzaz aldatu gabe. Horrekin batera, Mintzalagun programa ere aurkeztu zuten eta egitasmoan parte hartuko dutenen izenak batzen ari dira (interesa dutenek arnogurasoelkartea@gmail.com helbidera idatzi behar dute, izen-abizenak eta telefono zenbakia zehaztuta). Euskara praktikatu nahi dutenentzako ekimena da hau, eta taldean egiten da. Bidelagun eta bidelariak elkartzen dira, euskaraz jarduteko. Programa honen parekoa da Elgoibarren egiten den Tertuliak egitasmoa. 2001ean jarri zuen martxan Elgoibarko Izarrak Arigera proiektuaren barruan, herriko bi euskaltegiekin elkarlanean, eta aurten 35 lagun ari dira parte hartzen, 7 taldetan banatuta. 7 bidelagun eta 28 bidelari batzen dira astean ordubetez, euskaraz hitz egiteko.