‘Betikoa. Gertukoa. Eskatu euskaraz, eskaini euskaraz’ kanpaina abiatu dute herriko 26 establezimendutan

Barren.eus 2021ko aza. 17a, 16:35

Elgoibarko Udalak eta Elgoibarko Izarrak, Eusko Jaurlaritzak iaz zabaldutako bideari jarraituz, 'Betikoa. Gertukoa. Eskatu euskaraz, eskaini euskaraz' kanpaina jarri dute martxan, herriko merkataritzan euskararen erabilera handitzeko.

Kanpainak, euskara eta bertako merkataritzak berezkoak dituen bi kontzeptu lotzen ditu: hurbiltasuna eta konfiantza. Kanpainaren lelo orokorra salerosketetan bezero eta saltzaileen artean ematen den harremanarekin lotu da, eta helburu nagusia da herritarrek eguneroko erosketetan euskara erabil dezaten animatzea. Horregatik, bereziki, lehen berba euskaraz egiteko gai diren kontsumitzaileei zuzenduta dago.
Kanpaina gaur, hilak 17, hasi da, eta Gabonen ostean amaituko da. Kanpainaren zabalkunderako hainbat euskarri jarriko dituzte parte hartzen duten establezimenduetan, herritarrek jakin dezaten horietan erosketak euskaraz egin ditzaketela. Horregatik, bai Udalak, bai Elgoibarko Izarrak, herritarrak animatu nahi dituzte kanpaina honen mezuarekin bat egitera. Elgoibarren 26 establezimenduk eman dute izena.

Iaz egin zen lehenengo edizioak irekitako bidetik jarraituz, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako udal guztietara ireki dute kanpainaren aurtengo ekitaldia. Guztira 60 udal baino gehiagok parte hartuko dute kanpainan. Bilbo da kanpainarekin bat egin duen hirietako bat eta bertako udaletxean egin dute gaur aurkezpen ekitaldia. Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu eta Eusko Jaurlaritzaren bozeramaile Bingen Zupiriak, Bilboko alkate Juan Mari Aburtok eta BilbaoDendak elkarteko presidente Rafael Gardeazabalek aurkeztu dute kanpaina. (informazio osoagoa hemen)

2021 11 17 betikoa gertukoa eskatu euskaraz kanpaina kartela