Euskara

barren.eus-logoa

Tokikom

 

 
 

2021 11 10 paula kasares hitzaldia elgoibar barrenAzaroaren 9an eman zuen 'Haurren aurrean, helduok heldu' hitzaldia Paula Kasaresek (Iruñea, 1969). 22 lagun inguru bildu ziren Aita Agirre kulturguneko areto nagusian, 0 eta 12 urteko umeen amak, gehientsuenak. Paula Euskal Filologian eta Antropologian graduduna da, eta Soziolinguistikan doktorea. Haurren hizkuntza sozializazioaren eta familien hizkuntza politikaren arloetan ikertzailea ere bada.
'Haurrak aurrean, helduok heldu' ekimenaren zergatiaz eta garrantziaz jabetzeko hitzaldia eman zuen Kasaresek, eta jarraian duzue berak esandakoaren laburpena.

 • Zertarako Haurren aurrean, helduok heldu?
Helduei haurren aurrean euskaraz egiteak duen garrantziaz jabearaztea da helburu nagusia, eta, bidez batez, umeen bueltan aritzen diren helduen arteko euskararen erabilera ere areagotu nahi da. Horiek dira bi helburu nagusiak.


 • Umeak euskaraz entzun nahi baditugu…
Paula Kasaresen esanetan, euskara indarberritu nahi bada, ez dago seinale hoberik umeak euskaraz entzutea baino. Haurrak euskaraz entzutea parkeetan, plaza eta kaleetan, lagun artean eta jolasean dihardutenean, alegia. Baina umeak euskaraz entzun nahi baditugu, helduak kontzientziatu behar ditugu haien hizkuntza-portaerak haurrentzat duen eredugarritasunaz.


 • Bi urteko umeak ere badaki
Hizkuntza baten ikasketa sozializazio prozesu bat da, baina prozesu horretan, hizkuntza ez ezik (kodea), hizkuntza hori erabiltzeko arau sozialak ere ikasi eta barneratzen ditu umeak. Gure kasuan, ikasten dute euskara noiz, norekin eta nola erabili behar den. Bi urteko umeak dagoeneko barneratzen ditu arau sozial horiek.
Kasaresen esanetan garrantzitsua da umea txiki-txikia denetik komunikazioa erraztea edo sustatzea. Gure kasuan, gurasoak hautu kontzientea egin eta jarrera proaktiboa izatea euskararekiko. Baina umeek ez dute gurasoen edo etxekoen iturritik bakarrik edaten. Umeek haien errealitate soziolinguistikoa mapeatzen dute, inguruko helduek beren artean nola egiten duten ikusten dute, zer kontsumo kultural egiten duten, eta aurrerago aitatu dugun moduan, badakite noiz egin behar den euskaraz eta noiz erdaraz. Eta badakite gurean dagoen hizkuntzetako bat (gaztelania/frantsesa) denek dakitela, bestea (euskara) batzuk baino ez dakiten bitartean. Soziolinguistikako inolako hitzaldirik entzun gabe konturatzen dira euskara hizkuntza gutxitua dela.

2021 11 10 paula kasares hitzaldia elgoibar barren 1
 • Euskararen erabilera normala
Etorkizunean euskararen erabilera normala, bapatekoa eta berezkoa duten umeak nahi baditugu, umeek hizkuntza portaera normalak ikusi eta ikasi behar dituzte. Eta normaltasunaren lehen araua honako hau da: euskaldunekin euskaraz egiten dugu. Hori ematen ez den artean, umeek ez dute erabilera normalik ikusiko.
Zer behar du ume batek euskarazko hiztun normala bihurtzeko? Euskaraz aditzeko eta aritzeko aukera nahikoak eta askotarikoak behar dituzte. Aukera nahikoak kantitateari dagokionez, eta askotarikoak, esparruei dagokienez. Ez da nahikoa etxean edo ikastetxean bakarrik entzuten badu; ez da nahikoa ikastetxean bakarrik erabiltzen badu.


 • Erreferenteak ez daude etxean bakarrik
Paularen esanetan, gurasoak ez dira haien umeen hizkuntza erreferente bakarrak, zorionez eta zoritxarrez. Zorionez, etxean euskara entzuten eta erabiltzen ez duen ume bat euskaldundu daitekeelako. Eta zoritxarrez, familia euskaldun eta euskaltzale batean hazitako ume batek ez duelako derrigorrean euskaraz egingo. Badira familia euskaltzaleetan hazi eta euskaraz oso gutxi egiten duten ume edo nerabeak, familia kanpoko erreferenteek eraginda.


 • Guraso tipologiak
Guraso tipologiak aztertu zituen segidan. Guraso biak euskaldunak direnean argi du lehentasuna euskarak izan behar duela. Bietariko gurasoak dituzten familien kasuan, berriz, bakoitzak berean egin behar die umeei, baina modu koherentean. Euskaraz egiten duenak beti egin behar die euskaraz, eta ez batzuetan bai eta besteetan ez, inguruan dagoenaren arabera. Eta, azkenik, euskaraz ez dakiten gurasoen kasuan, motibazioa eta euskara entzuteko eta erabiltzeko aukera eskain ditzakete (euskarazko marrazki-bizidunak jarriz, adibidez).


 • Hizkuntza ohiturak alda daitezke, nahi bada
Paulak aitortu zuen hizkuntza ohiturak aldatzea ez dela batere erraza. Baina, nahi bada, saiatuz gero, alda daitezke. Horretarako estrategia batzuk eman zizkigun:

  • Norberaren hizkuntza-ohituren azterketa bat egitea izan daiteke lehen urratsa. Euskaraz dakitenekin euskaraz egiten al dut? Zergatik eskatzen diot gaztelaniaz ogia okinari euskaraz baldin badaki? Egin ohitura horien gaineko gogoeta.
  • Urrats txikiak ematen has gaitezke. Harreman sakonegia ez dudan horrekin saiatuko naiz hasteko. Pixkanaka, errazenetik hasita.
  • Esan ingurukoei zer egin eta lortu nahi duzun. Azaldu zergatiak eta lortu haien konplizitatea.

 

 • Norberaren txanda
Hor amaitu zuen Paulak bere hitzaldia. Orain gutariko bakoitzaren txanda dela esan zuen amaieran. Berak azaldutakoen gaineko gogoeta egiteko ordua. Egiten dugunaren gaineko gogoeta egiteko aukera daukagu. Egin nahi duguna pentsatu eta erabakitzeko okasioa. Azaroaren 22an hasiko da 'Haurren aurrean, helduok heldu' ekimena; 15 egun izango ditugu gaiaren gainean pentsatu eta egiteko. Norberak beretik, bakoitzak bizi duen hizkuntza-errealitatea aintzat hartuta.

 

2021 11 10 paula kasares hitzaldia elgoibar barren 2

2021 11 10 paula kasares hitzaldia elgoibar barren umea2

2021 11 09 paula kasares hitzaldia elgoibar barren1

 

 

Elgoibarko Izarra

elgoibarkoizarra-logoa-irudia

Gida komertziala

Gida komertziala 2018

Bideoak

Barren astekaria

ePosta harpidetza