Familiak euskararen eta kulturartekotasunaren bidez elkartzeko ‘Euskarara hurbiltzen’ ekimena aurkeztu dute

Barren.eus 2021ko aza. 9a, 13:51

Elgoibarrera etorri berri diren familiei harrera egitea da ‘Euskarara Hurbiltzen’ egitasmoaren helburua, betiere euskara erdigunean jarriz, herriko beste familiekin harremanak sustatuz, kulturartekotasuna eta hizkuntza aniztasuna aitortuz eta elkarbizitza berdintasunean eraikiz.

Euskaratik urrun dauden familiekin ere lan egin nahi dute, bereziki, euren seme-alabak euskarara hurbiltzeko eta euskarazko aisia eta kultura eskaintza eskura jartzeko.

Helburuok oinarrian dituela jarri dute martxan ‘Euskarara hurbiltzen’ ekimena Elgoibarko Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Euskaltzaleen Topaguneak, Elgoibarko Izarra elkarteak eta herriko ikastetxeek, elkarlanean. Gaur aurkeztu dituzte ekimenaren nondik norakoak, Aita Agirre Kulturgunean egin duten prentsa agerraldian.

2021 11 09 euskara hurbiltzen aurkezpena elgoibar aitagirre barren
Elgoibarko alkate Ane Beitiak azaldu du kezkatuta daudela euskararen erabileraren jaitsierarekin, bai familian zein aisian, eta lan ildo ezberdinak jarri dituztela abian egoera horri buelta emateko. Horietako bat da kanpotik Elgoibarrera bizitzera etortzen direnei euskara ezagutzeko eta euskal kulturara hurbiltzeko aukera eta erraztasunak ematea, betiere, "hizkuntza aniztasuna balioan jarrita”. Alkateak eredutzat jarri ditu Udalak bultzatzen dituen euskara ikasteko prozesuan zailtasunak dituzten ikasleentzako “Euskara errefortzuak”, helduentzako “Aisa” euskalduntze ikastaroak eta Aniztasuna ikasgelan egitasmoa. Baina, Beitiaren berbetan, kanpotik etorri direnez gain, badira, herrian bertan bizi baina euskara urrun duten familiak, eta horiei ere eskaini nahi zaie euskarara eta euskal kulturara hurbiltzeko aukera, modu horretan, herrian "gizartearen parte izaten laguntzeko".

 • Izena emateko
Hurbiltzen egitasmoa Euskaltzaleon Topaguneak sortutako proiektua da, Topaguneko Loramendi elkartearen “familia-lagun” proiektua oinarritzat hartuta. 2020-2021 ikasturtean Soraluzen egin zuten probaldia, eta 2021-2022an Soraluze eta Elgoibarren egingo dute, eta zehaztu dutenez, baliteke beste herriren bat ere batzea ekimenera.
Helburutzat euskaratik urrun dauden familiei harrera egitea du, eta euskal hiztunak diren herritarrak inplikatzea harreran, euskaratik urrun bizi diren elgoibartarrak euskarara erakartzea, eta familien inklusioan laguntzea eta familien arteko kultur zein hizkuntza aniztasuna balorean.
Azaroaren 27a bitarte dago zabalik izen ematea, eta proiektuari abendu hasieran emango zaio hasiera familien arteko lehen topaketa batekin. Guraso edo familia arduradun boluntarioek parte hartuko dute egitasmoan eta 5-10 urte bitarteko haurrek, herriko eskolaren batean matrikulatuta daudenak. 
 • Elkarlana, gakoa
Helburu horiek lortzeko, udal sail ezberdinak (Ongizatea, Berdintasuna, Kultura, Liburutegia, Euskaltegia…) elkarlanean ariko dira beste entitate batzuekin (Aldundia, Elgoibarko Izarra eta Topagunea).  
‘Euskarara hurbiltzen’ egitasmoak, Foru Aldundiaren Etorkizuna eraikiz ekimenaren baitan, dirulaguntza jasoko du 2021 eta 2022an Gipuzkoako Foru Aldundiaren partetik. Aldundiak egitasmoa bideratzeko aholkularitza eta laguntza eskainiko du ere.