Euskararen kaleko neurketaren emaitzak jakinaraziko dituzte Mendaron

Barren.eus 2021ko aza. 3a, 13:00

Euskararen erabilera sustatzeko ahaleginetan ari dira Mendaron ere, eta euskal hiztunengan eragiteko ekintza ezberdinak antolatu dituzte Arno Guraso Elkarteak, UEMAk, eta Udalak. Bihar, azaroak 4, aurkeztuko dituzte.  

Jubilatuen ondoko lokalean izango da aurkezpen ekitaldia, 19:00etan. Ekitaldia hasteko, Mendaroko kale erabileraren inguruko azkeneko datuak aletuko ditu Ibon Aginaga UEMAko teknikariak.

Euskararen kale erabilera neurtzen aritu dira herriko zenbait euskaltzale, eta bihar, jakinaraziko ditu emaitzak UEMAk. Neurketa horren harira, lehiaketa bat ere jarri dute martxan herrian. Mendaro herri euskalduna ote den galdetu diete herritarrei antolatzaileek, zehazki, kale erabilerako datu orokorra zenbatekoa den ehunekotan. Txartelak herriko taberna eta dendatan egon dira astebetez, herritarrek erantzun ahal izateko, eta biharko ekitaldian jakinaraziko dute nork irabazi duen lehiaketa.

Era berean, herriko lau kuadrillatan Eusle egitasmoa ere jarriko dute martxan bihar, hizkuntza-ohituretan eragiteko. Azaroaren 15etik abenduaren 15era egingo dute ariketa lau kuadrillatan, eta hamabost egunean behin aldatuko dituzte eusleak. Ariketa bukatu ostean, balorazio bat egingo dute eta ariketa balekoa izan dela ikusiz gero, herriko beste kuadrilla batzuetara zabalduko dute. Horrez gain, Mintzapraktika proiektua ere jarri nahi dute martxan. Euskaraz hitz egiteko ohitura duten lagunak ohiturarik ez dutenekin elkartzen duen egitasmoa da Mintzapraktika.

2021 11 02 mendaro herri euskalduna kartela