Saria Mendaroko euskararen kale erabileraren datu orokorra asmatzen duenarentzat

Barren.eus 2021ko urr. 29a, 12:39

Euskararen kale erabilera neurtzen jardun dira Mendaron herriko zenbait euskaltzale, eta UEMAko teknikariak datu horien berri emango du azaroaren 4an. Horren harira, baina, lehiaketa bat jarri dute martxan Arno Guraso Elkarteak, UEMAk eta Udalak.

Mendaro herri euskalduna ote den galdetu diete herritarrei; zehazki, kale erabilerako datu orokorra zenbatekoa den ehunekotan. Lehiaketan parte hartu nahi dutenek horretarako prestatu dituzten txarteltxo batzuetan eman beharko dute erantzuna. Txartelak herriko denda eta tabernetan jarri dituzte eskuragai eta azaroaren 3a arteko epea egongo da txartelok entregatzeko. (honako leku hauetan: Ormola, Sonia janari denda, Coviran, Morroskilo, Jubilatuetan, Uztargi, Gazteleku, Txirristaka eta Aitzbeltz)

 Bideo bat ere zabaldu dute lehiaketa iragartzeko, herrian egindako kale inkestan jasotako iritziekin. Honatx: