Ekimena Euskaltzaleon Topaguneak prestatu du eta Euskal Herriko 70 herritan egingo da ariketa. Elgoibarri dagokionez, Elgoibarko Izarra, Udala, Elgoibar Ikastola, Herri Eskola, Elgoibarko Haurreskola eta Ludoteka daude ekimenaren atzean.
Ariketa helduek egiteko da (umeen gurasoek, aiton-amonek, zaintzaileek …), baina belaunaldi gazteengan ere pentsatuta prestatu dute. Izan ere, umeek euskara normaltasunez erabiltzea nahi dute ekimenaren sustatzaileek, "helduok eredu izan behar dugu".
Honela azaldu dute. "Helduen eredurik ez badago, umeek hizkuntza ikasi bai, baina ez dute erabiliko. Umeei eskatzen zaiei euskaraz egiteko, baina gero helduok ez badugu geure artean euskaraz jarduten, mezu kontraesankorrak bidaltzen ari gara".
Helduek zer hizkuntzatan, noiz, norekin, zeri buruz … egiten duten ikusi eta entzuten dutela umeek diote, eta horrek goitik behera baldintzatzen du umeen hizkuntza-portaera. "Umeek hizkuntza ez ezik, hizkuntza erabiltzeko gizarte arauak eta hizkuntzen arteko hierarkiak ere barneratzen dituzte".
Euskal Herrian 2016an egin zen kale neurketaren arabera, euskara gehien erabiltzen da umeak eta helduak elkarrekin daudenean. "Berri pozgarria. Baina erabilera daturik baxuena nagusiak umeen presentziarik gabe ari direnean jasotzen da", zehaztu dute.