Errotuloak euskaraz jartzeko diru-laguntzak emango ditu Udalak

Barren.eus 2021ko ira. 7a, 16:27

Establezimendua identifikatzeko errotulu nagusia euskara hutsean edota irudi korporatiboa euskaraz edo ele bietan jartzen duenari, kostearen % 50eko dirulaguntza emango dio Elgoibarko Udalak.

Horretarako, beharrezkoa izango da errotuloa euskaraz ondo idatzita egotea eta hori, Euskara Zerbitzuak ziurtatu beharko du. Errotuluen kasuan, izena edo izen-abizenak soilik agertzen badira, Udalak ez du diru-laguntzarik emango. Establezimendu bakoitzerako gehienezko kopurua 200 eurokoa izango da.

Interesdunek dagoeneko eskabideak aurkez ditzakete Herritarren Arreta Zerbitzuan (Santa Ana kalea 2, behea), edo elgoibar.eus webgunean, herritarren atalean. Eskaerak aurkezteko azken eguna urriaren 29a izango da.
Zalantzarik izanez gero, edota testua euskaraz jartzeko laguntzarik nahi izanez gero, deitu Udalaren Euskara Zerbitzura 943 744 366 telefonora edo mezu bat bidali euskara@elgoibar.eus helbidera.