Euskaltzaindiak jakitera eman duenez, etengabe osatzen eta berrikusten dute hiztegia, eta urtean bitan sareratzen ditu berrikuntzak. 2016an, bigarren argitalpena paperean atera zenetik eguneratzen du urtean bitan, eta 2021eko lehen sei hilabeteetan eginiko lanaren emaitzak jasotzen ditu joan den uztailaren 9an sareratu zuten eguneratzeak.
Hartara, azken sei hilabeteotan, 592 forma berri jaso ditu Akademiak bere hiztegian, hain zuzen ere, 427 sarrera eta 165 azpisarrera. Era berean, 975 forma moldatu ditu: 875 sarrera eta 100 azpisarrera.
• "Erabiltzen bada, beharra dagoen seinale izango da"
Hiztegia etengabe berrikusten eta osatzen da, baina oraingo tarte honetan “batez ere, forma berriak dira landu direnak, corpus eguneratutik eskuratutakoak, hau da, egun dabiltzan hitzak”, argitu du Miriam Urkia Euskaltzaindiaren Hiztegiko arduradunak. Baina, horrekin batera, garai batean baztertu ziren formak ere badaude. Urkiak honela arrazoitu du erabakia: “Euskaltzaindiak ez erabiltzeko esanda ere, hitz horiek bidea egin dutelako, jendeak erabili dituelako. Beraz, erabiltzen bada, beharra dagoen seinale izango da. Hori da ezarpena: tarteka, dabilena berrikusi eta, kasurik ez badigute egin, guk atzera egin. Gure egitekoa dabilena jasotzea baita”.
• Hitz berriak
Honela, azken sei hilabeteotan hitz ugari gehitu zaizkio hiztegiari. Gutxi batzuk aipatzearren: queer, nezeser, koronabirus, zaurgarritasun, nahasmendu bipolar, asanblada, trajeria, euste, birziklapen, dedio, aurri, txantxiku, ustiaketa, zupatu, telelaguntza, hitzemate, pirateatu, esanbidezko, gobernantza, telelaguntza edo heteropatriarkal.
Miriam Urkia euskaltzain osoak adierazi duen bezala, hitz berrien artean badira lehendik baztertuak zeudenak eta orain onartuak izan direnak. Hona hemen hiru adibide:
Binario: lehen bitar eta biko erabiltzeko esaten zen, baina orain adiera berria onartu da: 'Sexu edo genero sistemez mintzatuz, bi kategoria −emakumea eta gizona- dituena.'
Biluztu: batez ere bizkaieraz eta gipuzkeraz erabilia. Hasiera batean, garbizaleago jokatu zen (biluzi jaso zen bakarrik) eta euskalkietako aldaera batzuk isildu edo baztertu egin ziren, baina orain, batzuk berreskuratu egin dira.
Eskumalde: bizkaieraz erabiltzen da, batez ere (eskuinalde bakarrik zegoen lehendik, baina bizkaieraz eskuma da eta berreskuratu egin da Bizk. markarekin).
• Debabarrendar
Herri batzuetako herritarrei deitzeko moduak edo ezizenak ere onartu ditu akademiak: debabarrendar, debagoiendar, beterritar, korsikar, nubiar edo txantxiku, besteak beste.
Gaur egun, Euskaltzaindiaren Hiztegiak 49.286 forma ditu guztira (39.800 sarrera eta 9.486 azpisarrera) eta 68.181 adiera (horietatik 2.368 azpiadierak dira).