Mendaroko Udalak Uemaren ‘Bertatik Bertara’ kanpainarekin bat egin du, bisitariekin harremana euskaraz bultzatze aldera

Barren.eus 2021ko eka. 28a, 15:06

‘Bertatik bertara’ kanpaina hasi du Uemak, turismoan euskara nabarmentzeko eta udan euskararen garrantzia ikusarazteko. Hala, udan udalerri euskaldunak bisitatuko dituztenak zein horiekin harremana izango duten zerbitzuen sektoreko kideak euskara aintzat hartzera deitu ditu mankomunitateak. Jatetxe eta tabernentzako mahai gainekoak banatuko ditu Mendaroko udalak.

Bisitariak zein bisitariekin harremana duten zerbitzu sektoreko arduradunak eta beharginak euskara aintzat hartzera eta erabiltzera animatzea da UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitatek abian jarri duen ‘Bertatik Bertara’ kanpainaren xedea. Beste hainbat udal eta garapen agentziak bezala, kanpainarekin bat egin du Mendaroko Udalak ere. Bertako hizkuntza kalitatea eta hurbiltasuna erakusteko ezinbesteko osagaia dela azaldu dute eta iIazko arrakastaren ondotik, 300.000 mahai-gaineko banatuko dituzte Uemako kide diren herrietako taberna eta jatetxeetan. Zenbait oinarrizko esamolde euskaraz zein beste hainbat hizkuntzatan nola esaten diren erakusten dute, koadro baten bidez, bisitariek ere ahotan euskara erabil dezaten.

Bisitariei arreta erdaraz eskaintzea bertako hizkuntza alde batera uztea dela nabarmendu dute. Hortaz, euskaraz egin edota gutxienez oinarrizko esamoldeak euskarazkoak izan daitezen gonbita egin diete ostalariei; izan ere, bisitariek sarri adierazi izan dute horren bila jotzen dutela udalerri euskaldunetara. Horretarako, pare bat aholku eman dizkiete. Batetik, lehen hitza eta agurrak euskaraz izatea, eta eskerrak euskaraz ematea. Bestetik, lokaleko zein erabiltzen dituzten komunikazio kanaletako hizkuntza zaintzeko: kartelak, menuak...

Kanpainaren berri emateko spota ere prestatu du Uemak, bisitariek taberna eta jatetxeetan aurkituko duten mahai-gainekoaren testuarekin

Espotarekin batera, merkatariei, ostalariei eta zerbitzu sektoreko profesionalei kanpainaren berri emateko sentsibilizazio bideoa ere prestatu dute, Euskara da gure postalik ederrena esketxean oinarrituta.