Elgoibarko Izarrak eta Udalak errenta aitorpena euskaraz egitera animatu dituzte elgoibartarrak

Barren.eus 2021ko mai. 3a, 14:26

Euskararen normalizaziorako bidean beste urrats bat da errenta aitorpena ahalik eta herritar gehienek euskaraz egitea. Urratsa sendoa izan dadin, ordea, herritarren babesa eta parte-hartzea ere beharrezkoa da, euskarak dagokion lekua izan dezan administrazio publikoan ere.

Gipuzkoako Foru Aldundiak erronka bota du, lau urtean lortu nahi dutena: 2023. urterako, 100.000 gipuzkoarrek errenta aitorpena euskaraz egitea. Horretarako, dokumentu bat prestatu dute, herritarrek euren hizkuntza hautua euskararen alde egiteko moduen berri emateko. Logo bat ere prestatu dute, Ogasunarekin euskaraz leloa daramana. Gipuzkoako Aldundiaren webgunean daude errenta aitorpena egiteko baliabide guztiak. Izan ere, Uemak, hainbat udalek eta erakunde publikok, errenta aitorpena euskaraz egiteko kanpainari eustea erabaki dute aurten ere, herritarren eta administrazioaren arteko harremanak euskaraz izan daitezen. 2019. urtean Gipuzkoan 78.217 herritarrek euskarazko hizkuntza hautua eginda zeukaten Ogasunarekin harremana izateko.

Ekimenarekin bat eginez, Elgoibarko Udalak eta Elgoibarko Izarra Euskaltzaleen Topaguneak 2020ko Errenta kanpainan aitorpenak euskaraz egitera animatu dituzte elgoibartarrak.

Gaur egun errenta aitorpena aurkezteko lau bide daude, eta guztietan erabili daiteke euskara:

  1. Autolikidazio proposamena: zergadun batzuek etxean jasoko duzue proposamena, Foru Ogasunak eskura daukan informazioan oinarritua. Ontzat emateko bi bide daude: telefonoz edota Internet bidez (bietan erabili daiteke euskara)
  2. Mekanizatua: Foru Ogasuneko bulegoetan egiten da, hitzordua eskatuta. Bulegoan euskaraz egiten baduzu, langileak euskaraz beteko du errenta aitorpena.
  3. Telematikoa: baimendutako erabiltzaileek har dezakete bide hau. Batez ere, finantza-erakundeek eta aholkularitza zerbitzuek erabiltzen dute. Euskaraz egin nahi baduzue, espreski adierazi behar duzue hala egiteko borondatea.
  4. Nork bere bidetik: inprimakia estankoetan eros daiteke edo Internetetik jaitsi. Sinadura elektronikoa eta pasahitz operatiboa eskatuz gero, aitorpen osoa Internet bidez egin daiteke. Inprimakiak ele bietan daudenez, norberak aukeratu dezake hizkuntza.

Informazio zehatzagoa www.gipuzkoa.net gunean.


Errenta kanpainatik kanpo ere, edonoiz aukeratu daiteke hizkuntza:

  • Internetez: Gipuzkoatarian Ogasunarekin harremanetan jartzeko datuetan adieraziz.
  • Aurrez aurre: Ogasuneko bulegoetan edo Aldundiko erregistro zentralean 030 eredua aurkeztuz.

2021 05 03 ogasunarekin euskaraz GFA kartela