Elgoibarko Udalak eta Elgoibarko Izarra elkarteak 2021erako lankidetza hitzarmena sinatu dute

Barren.eus 2021ko mar. 24a, 15:22

Elgoibarko Udalak 160.000 euroko dirulaguntza emango dio aurten Elgoibarko Izarra elkarteari, iaz baino 24.000 euro gutxiago, 2021ean zehar euskararen erabilera sustatzeko ekintzak eta haurrentzako aisia hezitzaileko egitasmoa finantzatzeko.

Aurrekontuak onartu ondoren, Elgoibarko Udalak herriko entitateak diruz laguntzeko hitzarmenak sinatzeari ekin dio, modu horretara, udalerrian egiten duten lana babestu eta sustatzen jarraitzeko. Elgoibarko Izarra Euskaltzaleon Topagunea eta Elgoibarko Udalaren arteko hitzarmena berritu dute gaur. Ane Beitiak, Elgoibarko alkateak, eta Iñaki Kondek, Elgoibarko Izarrako presidenteak, bi erakundeen arteko 2021eko lankidetza hitzarmena sinatu dute udaletxean egin duten sinadura ekitaldian. Eurekin batera, Maialen Gurrutxaga, Euskara eta Haur, Nerabe eta Gazteen Sustapen arloetako zinegotzi arduraduna, eta Elgoibarko Izarrako eta Udaleko teknikariak ere izan dira.

Udalak 160.000 euroko dirulaguntza emango dio aurten Elgoibarko Izarra elkarteari, 2021ean zehar euskararen erabilera sustatzeko ekintzak eta haurrentzako aisia hezitzaileko egitasmoa finantzatzeko.
Aurreko urteetan bezala, dirulaguntza hori bi udal sailetatik bideratuko da. Horrela, Udalaren Euskara sailetik 100.000 euro jasoko ditu Elgoibarko Izarrak eta Udalaren Haur, Nerabe eta Gazteen Sustapeneko sailetik, berriz, 60.000 euro.
Hitzarmena sinatu ondoren, euskara elkarteak eskerrak eman dizkio Udalari. Izan ere, Elgoibarko Izarraren ustez, “ezinbestekoa da administrazioaren eta herri ekimenaren arteko elkarlana, haurrentzako aisia hezitzaileko eskaintza osatu, eta euskara eta euskal kultura gure herrian sustatu nahi baditugu”.

2021 03 24 hitzarmena elgoibar izarra udala udaletxean

∞Lotura duten albisteak: