Eguaztena izango da Errigoraren udaberriko saskiak eskatzeko azken eguna

Barren.eus 2021ko mar. 22a, 15:01

Eguaztenean, martxoak 24, itxiko da Errigoraren saskiak eskatzeko epea. Hainbat produktu agortzen hasi direla jakinarazi dute Errigora ekimeneko arduradunek.

Martxoaren 3an hasi zuen Errigorak 'Nafar hegoaldeko uzta eskutik eskura' kanpaina, eta martxoaren 24ra arteko epea jarri dute eskaerak egiteko. Nafarroa hegoaldeko oliba-olio birjina estra, kontserba-sortak, arroza eta pasta eskainiko dituzte, beti bezala, euskaraz etiketatuta eta ekoizlearen jatorrizko prezioan.

Produktu ekologikoak eta ez ekologikoak erosteko aukera egongo da. Ekologikoen barruan, ondorengoak eskainiko dituzte: Pikillo piperrak, zainzuriak, orburuak, potxak, kardoa, menestra, garbantzuak, tomate frijitua, barazki krema eta pasta. Ez ekologikoen artean, berriz, hauek aukeratu daitezke: Pikillo piperrak, zainzuriak, orburuak, potxak, kardoa, borraja, zerba penkak, tomate frijitua eta arroza. Olioa bost litroko botiletan salduko dute, eta kontserbak 12ko poteetan.

Joan den urteko udazkenean egin zuten 'Euskarari puzka' kanpainan, euskalgintzarako inoizko ekarpenik handiena lortu zuen Errigorak: 302.000 euro. Aurtengo udaberriko kanpainari 'Plateretik baratzera' izena jarri diote.

2021 03 22 errigora udaberria produktuak