Netflix euskaraz eskaintzeko sinadura bilketa abiatu du Netflix Euskaraz herritar taldeak

Barren.eus 2021ko mar. 17a, 14:13

Netflix plataforma digitalari edukiak euskaraz eskaini ditzala eskatzeko sinadura bilketa abiatu dute, Change.org plataformaren bidez.

Apirilaren 15erako 10.000 sinadura lortzea nahi du Netflix Euskaraz herritar taldeak. Ahalik eta sinadura gehien bereganatu nahi dituzte, indar handiagoz jotzeko euskal erakundeengana. "Behin erakundeek kasu eginda, euskalgintza batzea eta Espainiako Gobernuari eskaera zehatza egitea da asmoa: exijitu diezaiotela espainiar estatuan jardun nahi duten ikus-entzunezkoen plataformei euskara ere kontuan hartzea euren bikoizketa lanetan zein ekoizpen propioetan". Era berean, beste hizkuntza gutxituetan egindako eskaeren aurrean, benetako eskaria egonez gero, edukiak hizkuntza horretan eskaintzeko prest azaldu izan da plataforma, eta horixe baliatu nahi dute ekimenaren arduradunek helburua lortzeko.

2012-2016 urteetan iritsi zen Netflix estatu espainiar eta frantziarrera; gaur egunean, munduko internet bidezko telebista hornitzaile handiera dena. Euskara, eta, plataforma honen kontsumitzaile potentzial diren 800.000 euskal hiztunak kontuan hartu gabe iritsi ere, Netflix Euskaraz taldearen arabera. Change.org plataforman abian jarri duten sinadura bilketako idatzian diotenez, Netflix gazteleraz eta ingelesez osaturiko serie eta filmen katalogo batekin atera zen, estatu espainiarreko ikus-entzunezko merkatura, hasiera hasieratik; merkatu frantziarrera, era bertsuan: serie eta filmak frantsesez eta ingelesez eskainita. "Beste hizkuntza gutxitu batzuetako norbanako, kolektibo eta eragileek Netfix-i euren hizkuntzan eskaintzeko egindako eskaerei honako hau izan da enpresatik emandako erantzuna: benetan eskaria balego eskainiko lituzketela edukiak hizkuntza gutxituan. Hortaz, idatzi honi ematen diogun atxikimenduaren bidez, Netflix-i zera adierazi nahi diogu: euskal hiztunok plataformako ikus-entzunezko eduki denak euskaraz jaso nahi ditugula".

Netflix Euskaraz ekimenaren arabera, Netflixek eta beste streaming plataformek etekin ikaragarriak dituzte, eta ez diote tokian tokiko errealitate soziolinguistikoari erreparatzen, eta harago doaz herritar euskaltzale hauek: "Plataforma hauek —ez Netflixek bakarrik— dituzten irabazi erraldoien zati nabarmen bat bertako ikus-entzunezko lanetan inbertitzeko behartu egin behar zaie, baita euskaraz ere".

 • 8400 sinadura baino gehiago
Joan den otsailaren 16an sortu zuten "Netflixi edukiak euskaraz emititu ditzala eskatzeko" mugimendu herritarra, eta dagoeneko 8400 lagunek sinatu dute, Change.org plataformaren bidez, Netflixi edukiak euskaraz eskaintzea eskatzen dion agiria.

2021 03 17 Netflix Euskaraz sinatu hemen 1024x360