Euskaldun kontzientziak astintzeko saioa egin zuten barikuan Mendaroko Gaztelekuan, UEMAren eskutik

Barren.eus 2021ko mar. 16a, 10:11

Euskarari muzin egiten dio gazte euskaldundu askok eta euskaraz egiten dutenek gero eta traketsago egiten dute. Gauza jakina da, eta datuek argi erakusten dute. Euskararen erabileraren inguruko azken kale neurketa 2016an egin zuten Mendaron eta datuak kezkagarriak dira.

Hamar lagunetik zazpik euskaraz dakite, baina erabilera askoz apalagoa da, zer esanik ez gazteetan. 2 eta 14 urte artekoen artean %44k egiten dute euskaraz, eta 15 urtetik 24ra bitartekoetan %9 baino ez dira euskaraz egiten dutenak. Datu horiek kontuan hartuta, euskaldunon arnasguneak eta udalerri euskaldunak izenburuko saioa antolatu zuen Udalak joan zen barikurako.

 Ibon Aginaga UEMAko teknikariak dinamizatu zuen saioa. Aginagak euskarak munduan betetzen duen lekuaz hitz egin zien gazteei, eta herriko datuen berri ere eman zien. Galdera-erantzun gisa planteatu zuen saioa, gazteen parte-hartzea sustatzeko. Bukaeran, euskal kulturgintzako hainbat erreferenteren argazkiak eman zizkien eta zegokien kultur arloarekin lotzeko eskatu zien gazteei. Gogoeta saioa izan zen, gazteen euskaldun kontzientziak astintzeko ahalegin bat. Euskaldun izatea kontzientzia bat praktikan jartzea ere badelako. Gazteek eurek onartu zuten erdararako joera handia dutela eta nabarmendu zuten joera hori indartu egin dela Elgoibarren ikasten hasi zirenetik, Mendaron baino "inguru erdaldunagoa" topatu dutelako Elgoibarren.