Iparraldeko kulturari buruzko hitzaldi elkarrizketa eskainiko dute Antton Lukuk eta Miren Artetxek

Barren.eus 2015ko urr. 13a, 13:41

Iparraldetik dator haizea! zikloaren barruan, Iparraldeko kulturaren gainean berba egingo dute Antton Lukuk eta Miren Artetxek, eguazten honetan (urriak 14), Elgoibarko Kultur Etxeko hitzaldi-gelan.

Antton Luku (San Frantzisko, AEB, 1959) idazle eta antzerkigile behenafartarrak gogoeta sakona bezain zorrotza egin izan du euskal kultura deitzen dugun horren eta haren transmisio eta berreskurapenerako oinarriez, besteak beste ‘Euskal Kultura?’ eta ‘Libertitzeaz’ liburuetan. Eguazten honetan, Iparraldetik dator haizea! zikloan parte hartuko du Elgoibarren, Miren Artetxe bertsolariarekin batera. Elkarrizketa formatuan jardungo dute Artetxek eta Lukuk, eta Iparraldeko kultura gehiago eta hobeto ezagutu nahi duten guztiak daude gonbidatuta. Kultur Etxeko hitzaldi gelan izango da, 19:00etan.