Aurkezpen labur baten ondoren, aurkezleak bi iritzi irakurri zituen, hitzaldia girotzeko edo. Lehena, Hasier Etxeberriarena izan zen. Idazle elgoibartarrak BARREN astekariari eskainitako elkarrizketa batean, Iparraldeko euskarak ez daukala aterabiderik zioen; galdutako zerbait dela. Bigarrena, berriz, Mixel Etxekopar musikari zuberotarrarena izan zen; haren ustez, estatistikak zein datuak txarrak dira, baina oso dinamika interesgarriak daude euskararen bueltan Iparraldean.
Ikuspegi ilun samarrarekin ekin zion hitzaldiari urepeldarrak. Hona hemen Elgoibarkom Izarratik jaso dugun hitzaldiaren kronika:
• Iparraldea elgoibartarren begietatik ikusita
Hitzaldiari ekin aurretik, baina, ariketa bat proposatu zigun Xanek. Lora bat marraztu zuen arbelean, petalorik gabekoa, eta petaloak guk jartzeko eskatu zigun. Iparraldea entzuterakoan gure buruetara (edo bihotzetara) datozen berbekin jantzi behar genuen lorea. Hona hitzaldian bildu ginen 20 lagunen baitatik irtendako hitzak: emozioa, kultura, xarma, periferia, tristura, folklorismoa, natura, Seaska, galera, pastorala, bukolikoa eta exotismoa.
Hori da Iparraldera begiratzen dugunean ikusten edo sentitzen duguna. Eta Xani esan genion Iparraldea urruti dagoela, kilometroak asko ez badira ere. Eta hara goazen bakoitzean, ikusten dugula bertako bizimodua oso diferentea dela Hegoaldekoarekin konparatuta; arratsaldeko 17:00etatik aurrera katuak ere etxera erretiratzen direla. Eta Hegoaldekook frantsesa ez ezagutzea oztopo dela Pirinioen beste aldera joateko. Eta ...
• “Frantsesak sentitzen gara”
Xanen esanetan, Frantziaren eragina izugarria izan da Iparraldean; hori gabe ez dago hango bizimodua ulertzerik. Eta bi adibide baino ez zizkigun azaldu, eragin hori hobeto ulertzeko. Eskolako ordutegia eta telebistako programazioa. Telebistaren kasuan, adibidez, albistegiak 20:00ak aldean izaten dira eta filmak 20:45ean. Hegoaldean baino askoz goizago.
Frantziaren eragina azaldu ondoren, Frantziarekiko duten sentimendua erakutsi zigun. Xanen esanetan, Hegoaldekook Espainia “gorrotatzen” ikasi dugu; Hegoaldean Espainia arerio moduan ikusi dugu beti. Iparraldekoentzat, berriz, Frantzia handia da, miresgarria; ohore bat da frantziarra izatea. “Iparraldean frantsesak sentitzen gara” esan zuen Xanek.
• Hainbat datu, egoera hobeto ikusteko
Identitate kontuak atzean laga eta euskarak Iparraldean bizi duen egoera hobeto ikusteko datuak eskaini zizkigun Xanek. Hona hemen horietako batzuk:
• Herri-mugimenduari lotutako Euskal Konfederazioa 1995ean sortu zen, Iparraldean euskararen ofizialtasuna lortzeko, eta bertan biltzen dira AEK, Seaska, euskal irratiak, Berria egunkaria, udalekuak ... Emaitzak, berriz, hauek dira: 34 ikastola; 16 gau-eskola (AEK); 13 bertso-eskola; 4 euskara-elkarte; eta 3 udaleku.
• Erakundeei dagokienez, 2004an Euskararen Erakunde Publikoa sortu zen, herri-mugimenduak bultzaturik, baina Xanen esanetan, gizarte-mugimenduaren eta erakundeen arteko harremana txarra da; gizartetik ez da ikusten EEPren lana.
• Datu soziolinguistikoei erreparatzen badiegu, berriz, beherakada egon da euskaldunen ehunekoan. 1991n, %26 ziren euskaldunak; 2011n, %21 dira. Gazteen artean, berriz, gora egin du euskaldunen portzentajeak, eskolaren eraginez: 16-24 urte artekoen artean, 1991n, %11 ziren euskaldunak; 2011n, %19 dira.
• Eskola-ereduei dagokienez, Iparraldeko haurren % 37 B eta D ereduan ikasten ari dira. Hala ere, umetan euskara inguruan izaten badute ere, handitzen doazen heinean euskaratik urrutiratzen doaz. Euskararen gainean duten pertzepzioa eskasa da, eta hori Xanek berak ere bizi izan du etxean. Xanen amatxiren esanetan, euskara etxe barrurako da; handik kanpora frantsesa behar du bizitzan arrakasta izan nahi duenak.
• “Ez dugu Hegoaldekoen laguntzarik behar”
Egoeraren gaineko datuak albo batera laga eta, hitzaldiaren amaiera aldera, Hegoaldearen eta Iparraldearen artean dagoen harremanaren gainean jardun genuen. Xanek ez zuen batere erreparorik izan honako hau esateko: “Ez dugu Hegoaldekoen laguntzarik behar. Ez dugu nahi Hegoaldekoak guri laguntzera etor zaitezten. Horrek min ematen digu; ez dugu soportatzen!”. Xanek badaki laguntza horren atzean ez dagoela borondate txarrik, baina nahiago du Iparraldera sarriago joan (oso gutxitan joaten garela leporatu zigun) eta hango errealitatea eta esperientziak ezagutzeko ahalegina egiten badugu. Laguntzea baino elkar gehiago ezagutzea da, Xanen ustez, egin beharko genukeena; esperientziak trukatu edo balioak transmititu. Hango ekimenak, hala nola maskaradak, toberak, Euskal Herria Zuzenean edo dantza-eskolak hobeto ezagutu beharko genituzkeela esan zigun. Hor ikusteko eta ikasteko asko dagoela, eta Iparraldean egonaldiak egiteko proposamena egin zigun.
Xalbadorren Eguna, adibidez, asteburu honetan da Urepelen, eta urriaren 24an, berriz, manifestazioa dago Baionan, euskararen ofizialtasunaren eta hiri-elkargoaren alde.
• “Ez nago ados Hasierrek dioenarekin”
Hasierren eta Mixelen iritziekin ekin genion hitzaldiari, eta amaiera aldera berriz ere egin genien erreferentzia biek esandakoei. Xan ez dator bat Hasierrek BARRENi esandakoekin; gehiago gustatzen zaizkio Mixelen berbak. Badaki egoera ez dela ona, datuak hor daude, baina badu itxaropena egoerak onera egingo duela. Eta horretarako klabeetako bat hizkuntza-formazioa dela esan zigun. Zenbat eta jende gehiagok jakin eta ulertu euskarak bizi duen egoera, orduan eta errazagoa izango da aurrera egitea. Eta, Xanen esanetan, “aurrera ez dugu egingo Frantziari kontra eginez, gure dinamikak, tradizioak eta balioak sustatuz baizik”. Atal honekin amaitzeko, egoera ona ez dela onartu arren, Frantziar Estatuko beste herri batzuentzat Iparraldea erreferentzia dela esan zigun Xanek.
• Amaitzeko ordua!
Konturatu ere egin gabe gaueko bederatziak etorri zitzaizkigun gainera; ipurdiak aulkietatik altxatu eta etxerako bidea hartzeko ordua, hain zuzen ere. Baina aurretik eskerrak eman genizkion Xani, gurera etorri eta horrelako hitzaldi ederra eskaintzeagatik. Eta hurrengo asterako zita ere jarri genuen. Izan ere, urriaren 14rako Antton Luku eta Miren Artetxe gonbidatu ditugu Iparraldeko kultur mugimenduaren gainean jarduteko. Mirenek jarriko ditu puntuak, bertsolaria ere bada-eta, eta Lukuk erantzungo die.