Xan Airek ‘Euskara Iparraldean’ izeneko hitzaldia eskainiko du Elgoibarko Kultur Etxean

Barren.eus 2015ko urr. 6a, 11:35

Euskara Iparraldean: egiak eta susmoak izeneko hitzaldia eskainiko du Xan Aire urepeldarrak, Haizea dator Iparraldetik! zikloaren barruan. Hitzaldia Kultur Etxeko hitzaldi-gelan izango da, eguaztenean (urriak 7), 19:00etan.

Xan Aire Seaskako Euskaraz Bizi egitasmoko koordinatzailea da, eta Seaska. 40 urte euskararen alde liburuaren egilea ere bada. Era berean, Euskal Herriko Kazetan eta Berrian kazetari izandakoa da. Haizea dator Iparraldetik! zikloko sustatzaileek, Iparraldean euskarak eta euskaldunek bizi duten egoeraren berri emateko gonbidatu dute Xan Aire Elgoibarrera. Hala, Elgoibarren eskainiko duen hitzaldian, ondorengo galderei erantzungo die, besteak beste: Euskararen egoera benetan da kaxkarra Iparraldean? Zein dira datuak, eta dinamikak? Zertan, nola dabiltza bertako euskaltzaleak? Nolako jarrera diogu gaiari Elgoibartik begiratuta?. Hitzaldiaren bigarren zatian galdera-erantzunentzako tartea izango da, gaian gehiago sakontzeko.

Hitzaldia Kultur Etxeko hitzaldi-gelan izango da, 19:00etan.

Elgoibarko Izarra Euskaltzaleon Topaguneak, Elgoibarko Udalaren laguntzarekin, eta herriko beste hainbat eragilerekin elkarlanean antolatu duen Haizea dator Iparraldetik! zikloaren barruan izango da hitzaldia.